Landa-bideetako sastrakak kentzeko beso berria erosi nahi du Udalak
Udalak orain 25 urte ekin zion bide bazterrak garbitzeko programari. Hasieran, zerbitzua azpi-kontratatzen zuen baina 2013an bere baliabideekin egitea erabaki zuen, zerbitzuaren kalitatea hobetu eta merkatze aldera. Horretarako traktorea eta desbrozatzeko besoa erosi ziren. Traktoreak, gainera, bide bazterrak garbitzeko horniduraz gain elurra garbitzeko gailua lotzeko aukera ematen zuen. Urtean mozketa bakarra egitetik bi egitera, udaberrian eta udazkenean egitera pasa ziren orain urte batzuk dela. Urteen eta erabileraren ondorioz, belarra mozteko gailua zaharkituta geratu da, matxura ugari izan ditu eta konponketek kostu ekonomiko geroz eta handiagoa ez ezik, zerbitzuaren etenaldiak maizago egin beharra ere eragin dute. Horregatik, guztiagatik, sastrakak kentzeko beso berria erostea erabaki du Udalak. Besoak bete beharko dituen baldintzak zehaztuz besoa hornitu eta mantentzeko esleipen prozesua abiatu zen, eskaintzak egiteko epea abenduaren 22ra arte mugatuz. Berriki, ordea, gailuaren baldintza teknikoak errebisatu eta zuzendu dira, proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 5era arte luzatuz.
Eskaintzak egiteko epea 15 egunez luzatu bada ere, hasieran zehaztutako aurrekontua eta esleipenerako irizpideak bere horretan mantentzen dira. Landa-bideetako sastrakak kentzeko beso berrirako lizitazio aurrekontua 58.080 euro da eta hornitu eta muntatzeko hiru hilabeteko epea zehaztu da. Esleipenerako irizpideen artean, eskaintza ekonomikoa lehenetsiko da, 60 punturekin. Berme epea luzatzea, hornidura epea murriztea, mantenu plana, udal traktoreari egokitzeko azterketa eta proposatutako gailuaren segurtasuna eta erosotasuna ere baloratuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!