Landa-bideak hormigoitzeko laguntzak eskatzeko epea zabalik dago
Udalak, landa-bideak asfaltatu eta hormigoitzeko ahalegin handia egin duen arren, badira oraindik, hormigoitu gabeko baserri nahiz lehentasunezko nekazaritza ustialekuetara doazen landa-bideak. Hutsune hori osatzeko aurten ere landa-bideak hormigoitzeko dirulaguntzak ematea erabaki da. 10.000 euroko partida gorde da.
Dirulaguntzak, hormigoitu gabeko bideak egin eta hobetzeko inbertsioa egiten duten partikularrek jaso ahal izango dituzte. Beti ere, materialen erosketa eta garraio gastuetarako bada, alegia, eskulanaren kostua ez da diruz lagunduko. Halaber, aipatutako jarduketarekin lotutako proiektu-idazketa gastuak eta obra-zuzendaritzako ordainsariak ere diruz lagunduko dira.
Onuradunak izango dira, Oñatiko bizilagunak, landa-auzo bateko baserri baten jabeak edo lehentasunezko nekazaritza ustialeku baten jabeak. Horrezaz gain, bidearen titulartasunak publiko izan behar du. Titulartasun pribatuko sarbideak finantzatuko dira baldin eta bidearen jabetza udalari lagatzen bazaio eta honek espresuki onartzen badu. Kasu horretan, bidea herri-bideen inbentarioan sartuko da.
Dirulaguntzak emateko bi irizpide nagusi zehaztu dira: baserriaren nekazaritza jarduera batetik eta baserriaren eta hirigunearen arteko distantzia bestetik. Puntuaziorik altuena, animaliak izan eta herri gunetik urrunen dauden baserrietarako bideak konpontzeak jasoko du.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean landa-bideak hormigoitzeko dirulaguntza hauen iragarkia gaur argitaratu da, eskaerak egiteko epea irekiz. 30 laneguneko epea dago dirulaguntza hauek eskatzeko, hau da, ekainaren 11ra arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!