Oñatiko udala

Landa auzoetarako hainbat hobekuntza proposatu ditu Euzko Alderdi Jeltzaleak

2025/05/08
Card image cap
Herribus linea auzoetara luzatzea, baserrietara ur edangarria helaraztea edota Aitzgaineko kanala konpontzea proposatzen da, besteak beste

  Landa-auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetze aldera eta garraio publiko zerbitzua edota edateko ura eskuragarri izan dezaten, hainbat proposamen egin ditu EAJko udal taldeak, prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez. Mendi publikoetako egurra jasotzearen eskubidea berreskuratzea proposatzen dute. Oñatiko herri lurretan baso zabalak daude, baso- publikoak, eta kudeatzen diren bitartean zurezko soberakinak sortzen direla diote jeltzaleek, edozein herritarrentzat erabilgarri izan beharko luketenak. Urteetan oñatiarrak herri-basoetako baliabide natural horietaz baliatu zirela gogora ekarri dute jeltzaleek, nahiz eta egun ezinezkoa den, EH Bilduko gobernuak praktika hori kendu zuelako, sarbidea Arantzazuko biztanleei soilik mugatuz. Muga horiek gainditu eta mendi publikoetako egurra jasotzeko eskubidea herritarrei berreskuratzea eskatzen dute jeltzaleek.

  Aitzgaingo ubideak ur-galera handiak ei ditu, mantentze-lanen faltagatik. Kanala konpondu eta historikoki, bai elektrizitatea sortzeko baita larreak mantentzeko ere, betetzen zuen funtzio bikoitza berreskuratzea eskatzen du EAJk. Aldi berean, Araotzeko hondakin-uren kanalizazioa konpontzea eskatzen dute jeltzaleen prentsa-oharrean. Ur kontuekin jarraituz, Urrexolan eta Zubillagako herrigunetik aparte dauden hainbat baserrietan ur edangarririk ez dutela eta iturri propioetatik hornitu behar direla diote jeltzaleek. Arantzazun egin zen bezala, kasu hauetan ere, osasun baldintzak betetzen dituen ur edangarria eskuragarri jartzea proposatzen dute. 

  Azkenik, eta garraio publikoari dagokionean, Herribus zerbitzua Garibai eta Zañartura luzatzea proposatzen du EAJk; Herribusaren ibilbidea Garibaiko Argiñena baserriraino eta Zañartuko Lagokuaraino luzatzea eskatzen dute, kostu gehigarri handirik eragingo ez lukeen hobekuntza erraza dela argudiatuta. 

  Udalerri osoan kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko, arduraz eta konpromisoz joka dezala eskatu dio udal gobernu taldeari Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!