Lanbide heziketa arautuan aurre-matrikula epea ireki da gaur
Aurre-matrikula betetzeko bi bide daude: on-line edo ikastetxean bertan. On-line egiteko Hezkuntza Sailaren web atarian sartu behar da. Bestela, ikastetxera joanda zuzenean bete daiteke aurre-matrikula eta behar diren agiriak aurkeztu. Gaur ireki den aurre-matrikula epea maiatzaren 22ra arte luzatuko da.
Oñatiko lanbide heziketa eskaintza zabala da eta oinarrizko lanbide heziketa eta erdi eta goi mailako zikloak biltzen ditu. DBH titulurik ez duten gazteei zuzenduta Administrazioko Zerbitzuetako oinarrizko profesionala eta fabrikazioa eta muntaketa Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen da Larrañako ikastetxean, DBH amaituta berriz, erdi mailako hiru heziketa zikloren artean aukeratu daiteke Larraña ikastetxean bertan: mekanizazioa, kirol ekintzen gidaritza natur ingurunean eta mantentze-lan elektromekanikoa. Ikastetxe berean egokitzapen fisikoko goi mailako zikloa ere ikasi daiteke. Baina 2026-2027 ikasturterako berrikuntza Enpresagintza fakultatean eta Oñati Gestio Heziketan dago, Marketing eta publizitatea goi mailako lanbide heziketa ziklo eskainiko da. Horrezaz gain, administrazioa eta finantzak eta salmenten kudeaketa ere ikasi daiteke. Hori Oñatin, Debagoiena mailan ere lanbide heziketa eskaintza oso zabala, aberatsa eta anitza da, arlo ugari biltzen baititu. Eskualdeko eskaintza osoa Debagoienako lanbide heziketaren web atarian (www.fpdebagoienalh.com) ikusgai dago.
Lanbide heziketaren inguruko informazio zuzena nahi duenak Larraña institutura edota Enpresagintza fakultatera jo dezakete. Bietan aurre-matrikula epea zabalik dute maiatzaren 22ra arte; bietan, gainera, ate ireki jardunak antolatu dituzte: Larraña maiatzaren 13an, 18:00etan, eta hurrengo egunean, maiatzaren 14an, Oñati gestio heziketan, 18:00etatik aurrera baita ere.
Lanbide heziketaren bidean jarraitzeko zalantzan daudenei aurre-matrikula betetzea gomendatzen zaie; eskaera betetzeak ez du ezertara behartzen baina plazak berehala betetzen diren zikloetan matrikulatzeko beharrezkoa da. Indarrean den kurtsoa amaituta eta DBH edo batxilergoko notak eskutan, matrikula betetzeko epea irekiko da uztailean, 13tik 15era.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!