Lanak Txiki Txokon eta Urgainen, eskola-oporrak aprobetxatuta
Partzuergoko haurtzaindegi publikoak doan dira 2023-2024 ikasturtetik. Horrek, Txiki Txoko haurreskolaren matrikulazioan eragin zuzena izan zuen, bat-batean handituz eta espazioak egokitzeko beharra sortuz. 5. gela egokitzeko lanak egin ziren eta beste lan osagarri batzuk zehaztu ziren, familiei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko: haurren kotxe aparkaleku estalia eraberritzea, segurtasuna indartzea eraikin kanpoko itxitura hesian neurri zuzentzaileak jarriz eta kanpo espazio inklusiboak egokitzea.
Kanpo espazio inklusiboa egokitzeko proiektua landu eta lehen faseko lanak iaz egin ziren eta orain bigarren fasekoak gauzatzen ari dira, udako eskola oporrak aprobetxatuz. Argitasun handiko estalkia egiten ari dira eraikinaren atzealdean, Bidaurretako mojen ortu-horma bitarteko tartean. Esplorazioa eta jolas sinbolikoa lantzeko elementuak jarriko dira: etxe txokoa, tunela eta txirrista. Eremua gune zabal bakarrean antolatuko da, hiru azalera ezberdin prestatuz: belardia eta tarimazko eta kortxozko zoruak. Hasita dauden lanok aprobetxatuko dira, iaz prestatu zen gune hezeeneko zoladura harlauzekin indartzeko, uraren filtrazioa hobetzeko. Lanek 48.321 euroko aurrekontua dute eta KimuBat enpresari esleitu zaizkio.
Baina beste lan batuk ere egiten ari dira Txiki Txoko haurreskolan, lehen aipatutako 5. gela banatzeko estruktura aldatzen ari dira. Partzuergoko teknikoek onartutako hesi modukoa jarri zen hasieran espazioak banatzeko, orain, ordea, gela eta korridorea bereiztuko dituen horma banatzailea jarriko da, haurren atsedena bermatzeko. Andrea Azkoaga barne dekoratzailea kontratatu da espazioak birbanatzeko proiektua egokitu eta eraberritze lanak egiteko.
Urgain herri eskolan ere egokitze lanak egiten ari dira udako oporrak aprobetxatuz; oztopo arkitektonikoak ezabatzeko eskubandak jartzen ari dira eraikinaren barreneko eskaileretan. Sarrera nagusi ondoko eskaileretan haurren altuerara egokitutako eskubandak jarrita zeuden solairu guztietan baina eraikinaen bigarren eskaileretan beste horrenbeste egitea falta zen. Herreria Mitxel SL enpresa ari da lanok egiten, 9.159 eurotan. Era berean, argindar instalazioan antzeman diren arazoak konpontzeko faseak orekatu eta lur-sarearen segregazio lanak egingo ditu Guria Elektrizitatea enpresak. Aurrez argindar sarearen kalitatearen auditoria eskatu zitzaion enpresari eta analisi txostenean jasotako zuzenketa neurriak dira orain gauzatuko dituenak, 5.668 eurotan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!