Lan hitzarmenaren aldeko hirugarren greba eguna egingo dute bihar Udal langileek
Udalhitzeko mahaia etenik dago, ez da bilera berrirako datarik finkatu eta 2010ean iraungi zen lan hitzarmena berritzeko adostasunik ez dago oraindik. Otsailean hasi ziren mobilizazioen ondorioz, eta bereziki, udaberrian egin ziren bi greben ondotik aurrerapauso batzuk eman dira baina ez nahikoak udal langileen eskaerak betetzeko. Ondorioz, negoziazio mahaia desblokeatu eta hitzarmenak aurrera egin dezan hirugarren greba eguna deitu da biharko.
Oñatiko udal langileen asanbladan gehiengoak greba egitea erabaki zuen eta horrek udal zerbitzuetan eragina izango du. Oraingoan ere gutxieneko zerbitzuak agindu dira Alkate dekretuz baina aurreko deialdietan baino murritzagoak: udaltzaingoan zerbitzuen %100 bermatuko dira, berez, udaltzainek ezin dutelako grebarik egin, eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, soilik ezinbesteko denean. Ondorioz, udal eraikin eta zerbitzu gehienak itxita egongo dira bihar: udaletxeko bulegoak, Zubikoa kiroldegia, Gizarte zerbitzuak, Kultur Etxea eta Euskaltegia. Oñati Irratiak ere ez du irratsaiorik egingo. Emakumion etxia goizez bakarrik irekiko ei da. Bestalde, udalak azpikontratatuta dituen zerbitzuak normaltasunez beteko dira: Gaztelekua, Ludoteka eta Herribusa.
Debagoieneko Mankomunitateko langileen asanbladak ere greba egitea erabaki du eta ondorioz, Urrutxuko Garbigunea itxita egongo da bihar.
2010etik iraungita dagoen Udalhitz hitzarmena berritzea eskatzen dute udal langileek eta, besteak beste, erosahalmena berreskuratzea eta etorkizuneko soldata igoerak bertan erabakitzea eta ez Madrilen; pribatizazioak ekiditeko neurri zehatzak eta horien publifikazioan langileen subrogazioa lotzea; Gazteberritze planetarako neurri zehatzak; euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea; hautaketa prozesuetan aurrerapausoak ematea behin behinekotasuna jaisteko neurri errealak adostuz; arrisku psikosozialen eta ergonomikoen ebaluazioa eta neurriak adostea; eta Udalhitzen indarraldia 4 urtekoa ez izatea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!