Oñatiko udala

Lan hitzarmenaren aldeko bigarren greba eguna egingo dute bihar Udal langileek

2026/06/03
Card image cap
Gizarte zerbitzuen bulegoak, Emakumion Etxia, Kiroldegia, Kultur Etxea eta Euskaltegia itxita egongo dira eta Oñati Irratiak ez du emanaldirik egingo

  Udalhitzeko mahaitan aurrerapausorik egon ez bada ere, EUDELek proposamen berri bat egin duela onartu dute ELA eta LAB sindikatuek. Baina egindako eskaera batzuk eta zehaztasunak falta direla aipatu dute langileen ordezkariek: erosahalmena berreskuratzeko eta etorkizuneko soldata igoerak bertan erabakitzea eta ez Madrilen; pribatizazioak ekiditeko neurri zehatzak eta horien publifikazioan langileen subrogazioa lotzea; Gazteberritze planetarako neurri zehatzak eta ez asmo soilak; jardunaldi murrizketa handiagoa; euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea; hautaketa prozesuetan aurrerapausoak ematea lanpostu estrukturalak aitortuz eta behin behinekotasuna jaisteko neurri errealak adostuz; arrisku psikosozialen eta ergonomikoen ebaluazioa eta neurriak adostea; eta Udalhitzen indarraldia 6 urtekoa ez izatea, adostuko diren neurriak lehenago ezarri ahal izateko, besteak beste.

  Sindikatuek astean biltzen jarraitzea eskatu zuten pasa den asteko bileran, zenbait proposamen mahai gainera atera zirela eta ekainaren 4rako greba deialdia egina zegoela ikusita baina EUDELeko ordezkariek ezezkoa eman zuten eta datorren asterako iragarrita zuten bilera deialdiari eutsi diote. Gauzak horrela, udal langileen bihar greba egingo dute, maiatzaren 14an bezala.

  Oraingoan ere gutxieneko zerbitzuak agindu dira Alkate dekretuz: udaletxeko HAZ zerbitzua zabalik izango da bihar eta dokumentuen erregistroa eta telefono arreta ziurtatuko da, udaltzainek greba egin ezin dutenez zerbitzua %100ean bermatuko da eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, soilik ezinbesteko denean. Zubikoa kiroldegia, Emakumion Etxia, Gizarte zerbitzuen bulegoak, Euskaltegia eta Kultur Etxea itxita egongo dira eta Oñati Irratiak ez du irratsaiorik egingo, aldiz, udalak azpikontratatuta dituen zerbitzuak normaltasunez beteko dira: Gaztelekua, Ludoteka eta Herribusa. Debagoieneko Mankomunitateko langileen asanbladak ere greba egitea erabaki du eta ondorioz, Urrutxuko Garbigunea itxita egongo da bihar.

  EAEko udaletako lan hitzarmena, Udalhitz, 2010ean iraungi zen, ondorioz, udal langileen lan baldintzak okertzen doaz urtetik urtera. Bertako negoziaketa ahalmena arlo guztietan berreskuratzea eta lan hitzarmen berria adosteko, mobilizazio dinamika betean murgilduta daude Oñatiko udal langileak, otsailetik. 15 minutuko elkarretaratzeak egiten ari dira astero, apirilaren 23an bi orduko lanuztea egin zuten eta maiatzaren 14an bezala bihar ere greba egingo dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!