Kurtzekua kaleko 3-4 zenbakidun eraikinak eta orubea derrigorrezko salmenta egoeran deklaratzeko espedienteari hasiera eman zaio berriro
Kurtzekua Kalea 1-2-3-4 zenbakiak izango liratekeen etxeetan, 24 etxebizitza eta lurpeko garajeak eraikitzeko baimena eman zion udalak Promociones Kurtzekua enpresari 2010eko uztailan. Lanak 6 hilabeteko epean hasi eta 18 hilabete igaro aurretik amaitu beharko liratekeela jarri zen baldintza moduan. Jakinekoa da ordea, Kurtzekua 3-4 zenbakidun eraikinak izan beharko luketeenak jasotzen hasi baina amaitu gabe daudela, aspalditik geldi. Horregatik, 2016ko azaroaren 29an, Alkate Dekretu bidez, eraikinak eta orubea derrigorrezko salmenta egoeran aldarrikatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. 13 hilabete pasa dira eta prozedura iraungi denez, berriro abian jartzea erabaki du gobernu taldeak azken bileran.
Osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean hiru puntu onartu ziren. Kurtzekuan 12 etxebizitza, garaje eta lokalak eraikitzeko obrak eta partzela bera ere geldirik daudela-eta, Promociones Kurtzekua elkarteak eraikitzeko zuen obligazioa ez duela bete adierazi du Gobernu Batzarrak. José María Gonzalez-Pinto Arrillaga arkitektoari partzelaren balorazio txostena eskatu zitzaion, orain arte egindako obren salmentarako gutxieneko salneurria ezartzeko. Balorazio txosten hori hasierako izaeraz onartu du gobernu taldeak. Guzti horren berri berehalakoan emango zaie Promociones Kurtzekua enpresari eta Jabetza Erregistroan hipotekatzaile gisa agertzen den Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Gipuzkoa y San Sebastian eta arlo honetako Kontzertazio Batzar entitateei. Bide batez, 15 laneguneko entzunaldi epea emanez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!