Oñatiko udala

Kultura, Kirolak eta Haur eta Gazteria arloko gaiak nagusi dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2026/05/21
Card image cap
Kultura departamentuaren dirulaguntzen esleipenaz edo Zubikoako instalazioen eraginkortasun energetikoaz berba egingo da, besteak beste

  Udaleko Kultura departamentuak urteko programaziorako eta sormen lanetarako dirulaguntzak eman ohi ditu. Aurtengo deialdia martxoaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta jasotako eskaeren ebazpen proposamena aztertuko da arratsaldeko gobernu batzarrean. Ia 100 mila euro gorde dira Kultura departamentuak kudeatzen dituen bi dirulaguntza lerro hauetarako.

  Kirolak batzordearen eskutik berriz, Zubikoa kiroldegiko kantxa urdineko gunean antzeman den bero-karga galera handiaz arituko dira gobernu taldeko kideak. Eraginkortasun energetiko maila oso baxua eta, ondorioz, gainkostu handia eragiten duena kantxa urdineko ACS-ko instalazioa da, egin diren neurketa eta azterketen arabera. ACS instalazioa eta bere birzirkulazio sistema errebisatu eta egokitzea komeni dela ikusi da eta lan horiek kontratatzea proposatuko da gaurko gobernu bileran.

  Haur eta Gazteria udal departamentuak berriz, emantzipaziorako dirulaguntzak jasotzeko hainbat eskaera eramango ditu gaurko batzarrera. Bestalde, udaleko langileen eta korporatiboen erantzun zibileko aseguru-poliza kontratatzea edota aire girotuko makina baten erosketa ere proposatuko da gaurko bileran. 10 puntuko gai zerrenda prestatu da aste honetako Tokiko Gobernu Batzarrerako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!