Oñatiko udala

Kultura departamentuak ia 54.000 euro banatuko ditu herriko taldeen urteko programa eta proiektuak gauzatzeko

2017/05/04
Card image cap
14 talde, elkarte edo banakakoek jasoko dute udalaren diru laguntza

  Urteko programazioa aurrera eramateko diru laguntzen lerro honetan partidarik handienak Ganbara Txikik, Oñatzek eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak jasoko dituzte. Une honetan ARGI festibala gauzatzen ari den Ilunpetan argazkizaleen taldeak ere udalaren laguntza dauka egitasmoa gauzatzeko. Txinparta bertso eskolak, Oñati Abesbatzak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko Margo Taldeak, laburmetraien rallyko antolatzaileek eta Artixa taldeak ere, udalaren babes ekonomikoa jasoko dute. Eltziak eta bertan kokatzen diren Irazan antzerki guneak eta Zinzelkari elkarteak ere urteko egitasmoak aurkeztu dituzte udaleko kultura departametuaren diru laguntza jasotzeko.

  Kultura departamentuak berak ematen dituen sormen lanetarako diru laguntzetara presentatu zen eskaera bat berriz, lerro horretatik atera eta kultur programazio lerro honetara ekarri dute departamentuko arduradunek. Errusiako iraultzaren lehen mendeurrena gogora ekarriko duten jardunaldiak dira. Aurten gauzatuko den ekimen puntuala den arren, proiektuaren izaerak sormen ekimenetik baino kultur ekimenetik gehiago duela ikusi dute diru laguntzen arduradunek eta ondorioz, Aimar Uribesalgok aurkeztutako proiektua diru laguntza lerro honetan txertatu dute. Olaitturrik herri antzerki berri bat sortzeko diru laguntza eskaera aldiz, laguntza lerro hauetatik kendu da eta Kilometroak egitaraua bere osotasunean hartzen duen lerroan txertatu da, aipatu antzerkia, irailaren 24an, Kilometroak ospatzen den egunean bertan egingo baita. Iaz bezala aurten ere, Parrokiako korua ere laguntza lerro honetatik kanpo utzi da eta zuzeneko diru laguntza jasoko du alkatetzatik.

  Guztira, 14 elkarte, kolektibo eta banakakoen artean 53.740 euro banatzea erabaki du udal gobernu taldeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!