Kultur arloko gaiak nagusi izango dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean
Urteko programazioari aurre egin ahal izateko eta sormen lan puntualetarako dirulaguntzak eman ohi ditu Udaleko Kultura departamentuak. 2026ko oinarriak eta deialdia gertu dago eta gobernu taldearen oniritzia bakarrik falta da iragarkia argitaratu eta eskaeretarako epea zabaltzeko. Ia 100.000 euroko diru partida izango da aurten. Gaia arratsaldeko bileran aurkeztuko da.
Herriko kultur jarduera asko auzo jaietan egin ohi dira. Halakoak antolatzeaz arduratzen diren batzordeekin lankidetza hitzarmenak sinatu eta dirulaguntza zuzenak emateari ekin zion Udalak orain urte gutxi. Bederatzi jai batzorderekin hitzarmenak egitea proposatuko da arratsaldeko bileran; San Migel Txiki, Errekalde, Triana, Olakua, San Lorentzo, Atzeko kale, Bidebarrieta, Santa Marina eta San Martin auzoetako jai batzordeekin sinatuko dira hitzarmenak, auzo jai horietara bideratzeko 32.550 euroko partida gordeaz.
2026ko dirulaguntza prozesu ezberdinak martxan jarri ez ezik, iazko dirulaguntzen ebazpen eta zuriketez ere berba egingo da gaurko batzarrean. Baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko udalaren laguntza eskatu duten herritarren dokumentazioa aztertu da, dirulaguntzen ebazpena erabakitzeko. Eta Pake leku elkarteari iaz agindutako dirulaguntzaren likidazioaren berri ere emango da bileran.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!