Kubara bidaltzeko oinarrizko gaiak bilduko dituzte EHSKk eta IASk, apirilaren 25ean
AEBen blokeoa dela eta kubatarrak muturreko egoeran daudela salatu dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Ikasle Antolakunde Sozialistak eta Euskadi-Kuba elkarteak. Egoera hori arindu nahian Kubarako oinarrizko produktuak bilduko dituzte, apirilaren 25ean. Beste horrenbeste egingo da hezkuntza zentroetan, aurreko astean. Ekimena ehunen bat herritan gauzatzeko asmoa dute, tartean, Oñatin. Elikagaiak, higiene produktuak, material sanitarioa eta kirurgikoa batu nahi da.
Elikagaiei dagokienean, pasta, lekaleak, esne hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak jasoko dira. Konpresak, tanpoiak, toallatxoak, haur eta helduentzako pixoihalak eta eraikinen garbitasunerako, erratzak, trapuak, espartzuak, biberoiak garbitzekoak edota zoru garbigailuak eskatzen dira, besteak beste. Material sanitarioari dagokionean, 2027ko ekainetik aurrera iraungiko diren medikamenduak eta mota guztietako osasun produktuak jasoko dira, baita kirurgiakoak ere: pintzak, bisturiak, haria, eskularruak edota preserbatiboak...
Oñatin, materiala, herriko botiketan ez ezik, janari dendetan batzeko asmoa dago, baina nola egin antolatzen ari dira. Era berean, herriko ikastetxeetara jotzeko asmoa dago, han ere materiala uzteko aukera eskaini dadin. Herrietan batutako materiala Bizkaian bilduko da, Euskadi-Kuba elkartearen bitartez irlara lehenbailehen bidali ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!