Oñatiko udala

Korrika Kulturala egitaraua prest da

2026/03/12
Card image cap
Kontzertuak, zine-emanaldiak, kantu-afaria, dantzaldi, pailazo ikuskizunak eta bestelakoak izango dira, martxoaren 18tik 28ra

  24. Korrikari ongi-etorri beroa egingo zaio Oñatin; herria girotzeko hainbat ekintza antoatu dira, Atharratzetik abiatu bezperan hasi eta herriko kaleak zeharkatuko dituen martxoaren 28ra arte. Musika izango da Korrika kulturalaren osagai nagusietako bat, lau kontzertu antolatu direlarik: martxoaren 18an, Gartxot kantari donostiarra izango da Eltziako topagunean; 20an, Ke lepo eta Felix Buff eta Puntu Takoma, Antixena gaztetxean; 22an, Belharra, Gaztelekuan eta martxoaren 27an, Adur, Zeba eta DJ Galtzagorri Antixena gaztetxean. Gainera, Korrika gurera iritsi bezperako arratsaldean, Gauargi erromeria taldea izango da plazan eta kantu-afaria Pago Uso elkartean. Kantu-afarirako txartelak 26 eurotan salgai daude Txokolateixan, martxoaren 20ra arte. Musikarik ere ez da faltako Potx eta Lotx pailazoek martxoaren 28an eskainiko duten ikuskizunean; Lagunekin topa muntaia birritan taularatuko dute Santa Ana antzokian, 17:00etan eta 19:00etan. Bigarren emanaldirako sarrerak geratzen dira bakarrik eta salgai daude, 4 eurotan, www.oñati.eus atarian eta Txokolateixan.

  Haurrak protagonista izango dira martxoaren 27ko Korrika Txikian. Lehen hezkuntzako hiru ikastetxeetako neska-mutikoek parte hartuko dute, Foruen enparantza- kale Barria- Etxaluze- Euskadi etorbidea- Santa Marina-Bakardadeko Ama kalea eta plaza arteko zirkuituan barrena lekukoa eskuz esku eramango dute. Eta gaztetxoengan pentsatuta baita ere, txorimalo eta erraldoien kalejira egingo da, 18:30etan. Martxoaren 27ko arratsaldeari hasiera emanez, Hizkuntzatik ehuntzen jardunaldi irekia egingo da Enpresagintza fakultatean. Zine zaleek ere izango dute bere hitzordua, Laburbira zirkuituaren baitan, euskarazko 7 laburmetrairen emanaldia izango da Kultur Etxeko zine aretoan, martgxoaren 25ean, 18:30etan; sarrera doan izango da.Azkenik, martxoaren 28an bertan eta Elorregitik sartu-irtena egingo duen Korrikan parte hartu eta gero, txokolate beroa eskainiko da Makalena elkartean. Azken orduko beste ekitaldirik antolatu eta iragarri daiteken arren, aipatutako ekintzak dira Korrika Kulturala egitarauan jaso direnak.

  24.Korrika martxoaren 28ko goizaldean pasako da Oñatitik, Elorregitik sartu eta Elorregitik irtengo da. Arrasatetik barrena iritsiko da eta 4.45 inguruan sartuko da Elorregitik Oñatira; Bidebarrieta kaletik barrera plazaraino iritsita itzulerako bidea hartuko du Elorregin Bergararako bidea hartzeko. Korrikak herrian beteko dituen kilometroetan bi lekuko hutsik daude oraindik, antolakuntzak jakinarazi duenez. Horietakoren bat hartzeko interesa dutenek antolatzaileekin harremanetan jarri behark dute helbide elektroniko honetara idatzita: debagoiena@korrika.eus. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!