Korpus prozesioko Mikel Goiaingeruaren irudiaren andak, San Frantziskoren loreak eta San Migelen atributua zaharberritu dira
Udaletxetik eraman ohi den Mikel Goiaingeruaren irudiaren anda pipiak jota zegoen eta guztiz berritu da; egurrezko egitura aldatu da eta irudia geldi dagoenean eusteko erabiltzen diren egurrezko elementuak ere guztiz berritu dira. Gainera, irudiari berari, konponketa txiki batzuk egin zaizkio, aurreko bi urteetan bezala. Era berean, hezur-haragizko San Migelek eskuetan eramaten duen atributua ere zaharberritu egin da. San Frantziskoren irudiak daramatzan lau loreak ere zaharberritu dira. Urteen poderioz oso kaltetuta zeuden eta aldatzeko aukera aztertu zen, baina material berezikoak dira nonbait, eta jatorrizko itxura mantentze aldera, zaharberritzea erabaki eta hala egin da.
Apostoluen jantziak ere berritu dira, hiru kasutan. Apostoluek kapa arrosaren azpian alba zuria daramate eta halako hiru berri egin dira, aurrekoak motzak zirelako. Apostoluen kofradia berritzen, gaztetzen ari da, eta jakina da belaunaldi berriak altuagoak direla, ondorioz, jantziak ere tamaina horretara egokitu behar dira eta erabaki da aurten, hiru alba berri egin dira eta hala egiten jarraituko ei da datozen urteetan, denak berritu arte. Halako lanak hala egiten baitira, pitinka-pitinka, dauden beharrak ikusi eta lehentasunen arabera urtero banaka batzuk burutzen. Horregatik, irudi bakoitzaren jarraipena egiten du Apostoladuaren kofradiak, konponketa arinak edota zaharberritze lan sakonagoak behar dituztenak bereizteko.
Bestalde,dantzariak hasi dira beraien kriskitin eta dantzez Korpus jaiak badatozela iragartzen. Herriko ikastetxeetan aritu dira lehen ordutan eta ondoren auzoetara banatu dira, taldeka. Larunbatean eta igandean herrigunean ibiliko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!