Oñatiko udala

Korpus prozesioan ateratzen den San Isidroren irudia zaharberritu da

2025/06/19
Card image cap
Berritu den San Isidroren irudia
Mikel Goiaingeruaren eta San Martinen irudiei ere konponketa txiki batzuk egin zaizkie

  Pipiak jota zegoen Goribartik ekarri ohi den San Isidroren irudia eta Gasteizera, zaharberritzera eraman aurretik, xilofagoen kontrako tratamendua egin zitzaion. Gero, Croma enpresa espezializatura eraman zen, pipiak eragindako kalteak konpontzera. Igandeko prozesioan aterako diren beste bi irudiei ere ukitutxo batzuk egin zaizkio; iaz behin behinean konponduta atera zen Mikel Goiaingeruaren irudiaren elementuak ondo finkatu dira eta San Martinen makil edo bakuloa eta horri eusteko hatzetako bat konpondu da.

  Urte asko dituzten irudiak ateratzen dira Korpus prozesioan eta erabileran edo garraioan jasotako kolpeen ondorioak jasaten dituzte, materialak berez jasaten duen hondatzearekin batera. Horregatik, irudi bakoitzaren jarraipena egiten du Apostoladuaren kofradiak, konponketa arinak edota zaharberritze lan sakonagoak behar dituztenak bereizteko.

  Dantzariak bihar hasiko dira beraien kriskitin eta dantzez Korpus jaiak badatozela iragartzen. Herriko ikastetxeetan bihar bertan hartuko dituzte udako oporrak eta bertara egingo duten bisitetan dago aurtengo berritasuna. Plazan elkartu ondoren, eta auzoetara joan aurretik, herriko hiru ikastetxeetan arituko dira Korpus dantzariak. Larunbatean eta igandean herrigunean ibiliko dira.

  Igandeko meza nagusia  Jose Mari Arregi frantziskotarrak ospatu eta gidatuko du; Gipuzkoako gotzain izendatu berria gonbidatu zuten iaz eta frantziskotarren probintzia arduraduna, aurten. Santa Anako mojek, berriz, prest dituzte prozesioan irtengo diren San Migel, Kristo eta apostoluen jantzi eta osagarriak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!