Konposta egin eta hondakin organikoak esekitokira aterako ez dituzten herritarrek, zabor-tasan %25eko hobaria eskatzeko aukera dute jada.

2013/05/10
Udal bulegoetan tramitatu behar den eskaera egiteko, ekainaren 15ra arteko epea finkatu da.

  Zabor tasan %25eko hobaria eskuratzeko aukera, auzo-konposta programan parte hartzen hasi diren herritarrek dute baina baita, herri-gunean bizi eta ortuan edo baserrian duten konpostagailura hondakinak eramaten dituztenek ere. Hobaria jasotzeko bigarren baldintza, atez ateko bilketa sistema abian jartzen denean, gai organikoa ez ateratzea. Konposta egiten dutenek ere, berez, hondakin organikoak ateratzeko aukera badute eta. Baina horri uko egiten diotenek bakarrik izango dute hobaria jasotzeko aukera. Eta hobaria aplikatzea, eskatu egin behar da.

  Udalak, bi eskaera inprimaki ezberdin prestatu ditu aipatu ditugun bi kasuetarako: auzo-konpostan parte hartzen dutenentzako eta organikoa baserrian edo ortuan duten konpostagailura eramaten dutenentzako. Bi kasuetan, hobaria aplikatzea eskatzen da; horretarako eskatzailea organikoak esekitokira ez ateratzeko konpromezua hartzen du eta Mankomunitateak edo Udalak aginduta egin daitezkeen konpostaren inguruko ikuskaritzak egiteko baimena ematen du.

  Eskaerak udal bulegoetan egin behar dira. Ur kontsortzioan alta eskatu zuen titularrak egin behar du, eskaera orriarekin batera ur kontsortzioko azken faktura eraman behar baita. Horrezaz gain, nortasun agiria ere aurkeztu behar da.

  Hondakinak, beste baten terrenoan dagoen konpostagailura eramaten dutenen kasuan, zabor tasaren titularra ez ezik, konpostagailua duen herritarrak ere joan behar du. Eskaera/baimen orriak biek sinatu behar baitute.    

  Guzti hori adierazten duten 372 gutun bidali dira aste honetan udaletxetik, eta lehen eskaerak ere tramitatzen hasi dira jada. Kontu egin behar baita, hobaria eskatzeko ekainaren 15era arteko epea finkatu dela.

  Gutuna, auzo-konposta egiten hasi diren 157 familiei ez ezik, bere egunean, konposta egiten ari zirela adierazi zuten herritarrei bidali zaie. Gerta liteke ordea, konposta egiten aritu eta gutunik ez jaso izana. Hauek ere eskaera egin dezakete dagoeneko konposta egiten ari badira. Udal bulegoetatik pasa behar da horretarako. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!