Kiroldegiko sorosle eta igeriketa monitoreen nahiz Usakoko bainu gunean sorosle zerbitzua kontratatzeko deialdia argitaratu du Udalak
Kirol instalazioetako langileen hitzarmen berriak etenarazi zuen Udalak Athlon Sintagmia enpresarekin zuen kontratua. Zerbitzuari jarraipena eman ahal izateko, hiru hilabeterako izan behar zuen baina urtebetez luzatu den behin behineko kontratatu laburra sinatu zen Athlon Sintagmiarekin. Orain zerbitzu kontratazio berrirako deialdia egin du Udalak, igeriketa ikastaro eta ur jarduerak zein kiroldegiko eta Usakoko sorospen zerbitzua eskainiko duen enpresa kontratatzeko.
Udalak sorosle eta monitore lanetarako gehienezko prezioa zehaztu du lehiaketa deialdian: sorosle lanak 34,50 euro orduko ordainduko lituzke eta uretako fitness jarduera eta igeriketa monitore lanak berriz, 37,20 euro orduko, biei BEZa gehituta. Urteko kontratuaren aurrekontua 229.470 eurotan mugatu du Udalak, BEZa barne. Lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru horiek beherantz hobetzea espero du Udalak, jakinik, eskaintza ekonomikoak 100 puntutik 49 eskuratzeko aukera emango duela. Gainontzeko 51 puntuak, txosten teknikoaren eta enpresaren formazio plana zein genero ikuspegiaren txertatze mailaren arabera banatuko dira. Zerbitzu kontratua urtebeterako egingo da hasieran, baina beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.
Udalak zabaldu dituen oinarrietan jaso da, besteak beste, langileen euskara maila C1 izan beharko dela eta adin txikikoekin lan egingo dutenez sexu delituen agiri negatiboa izan beharko dutela. Gainera, langileen subrogazioa aurreikusten baita esleipen berrian, hau da, egungo langileen jarraipena.
Zubikoako igeriketa monitore eta Usako nahiz kiroldegiko sorosle zerbitzuen esleipen prozesura eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 1ean itxiko da. Halakoetan ohikoa denez, enpresek, eskaintzak, hiru kartazaletan aurkeztu behar dituzte: batean, enpresari dagozkion agiriak jasoko dira, bigarrenean, beteko den zerbitzuaren memoria teknikoa eta hirugarrenean, eskaintza ekonomikoa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!