Kiroldegiko sorosle eta igeriketa monitoreen nahiz Usakoko bainu gunean sorosle zerbitzua kontratatzeko deialdia argitaratu du udalak

2020/12/16
Card image cap
Eskaintzak abenduaren 29ra arte aurkeztu behar dira

  Zubikoa kiroldegiko lanak oso aurreratuta daude eta igerilekua ere aste gutxi barru irekitzea aurreikusten da. Aurretik, dena den, igerilekuko kirol eta sorospen zerbitzua eskainiko duen enpresa kontratatu behar du udalak. Horretarako prozesua abiatu berri du.

  Zubikoa kiroldegian ez ezik, Usako bainu gunean uretako kirol zerbitzuak eta salbamendu, sorospen eta lehen larrialdietarako zerbitzua kontratatzeko oinarriak zehaztu dira eta esleipenerako prozesua martxan jarri da. Udalak sorosle eta monitore lanetarako gehienezko prezioa zehaztu du lehiaketa deialdian: sorosle lanak 25,53 euro orduko ordainduko lituzke, gehienera, eta uretako fitness jarduera eta igeriketa monitore lanak berriz, 28,79 euro orduko, biei  BEZa gehituta. Lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru horiek beherantz hobetzea espero du udalak. Eskaintza ekonomikoak izango du pisurik handiena kontratua esleitzerakoan, gehienera lortu ahal izango diren 100 puntutik 60eskuratzeko bidea emango baitie enpresei. Gainontzeko 40 puntuak txosten teknikoaren arabera banatuko dira. Zerbitzu kontratua urtebeterako egingo da hasieran, baina beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

  Zubikoako igeriketa monitore eta Usako nahiz kiroldegiko sorosle zerbitzuen esleipen prozesura eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 29an itxiko da. Halakoetan ohikoa denez, enpresek, eskaintzak, hiru kartazaletan aurkeztu behar dituzte: batean, enpresari dagozkion agiriak jasoko dira, bigarrenean, beteko den zerbitzuaren memoria teknikoa eta hirugarrenean, eskaintza ekonomikoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!