Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua kontratatzeko prozesua abian du Udalak
Terapia arloan eta gizarte eta hezkuntza arloan, arriskuan dauden adingabeei ea familiei zuzendutako esku-hartze sozio-hezitzaile eta psikosoziala zerbitzua kontratatu nahi da. Aldi berean, gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsona helduei zuzendutako esku-hartzea ere bete beharko du enpresak. Beharraren arabera, bakarka, taldeka eta komunitate mailako interbentzioak uztartuko dira.
Kontratatu nahi den zerbitzuaren helburuak hauek dira: babesgabetasun eta bazterkeria kasuen detekzio goiztiarra, ekintza terapeutikoak eta hezkuntza arlokoak garatzea adingabeekin eta gizarte bazterketa egoeran dauden helduekin eta arlo horietan udal-komunitate zerbitzuekin elkarlanean eta koordinazioan jardutea. Helburu horiek betetze aldera lehentasunezko programak zehaztu dira: gizarte eragileei zuzendutako sentsibilizazio eta prebentzio goiztiarrerako zerbitzua; informazio, aholkularitza eta orientazio zerbitzua adin txikiko edo nerabeak dituzten familiei zuzenduta; gizarte eta heziketa esku hartze zerbitzua edota esku hartze psikosoziala, arrisku egoeran dauden adin txikiko eta familiekin edota bazterketa egoeran dauden pertsona helduekin.
Zerbitzuaren garapenean zuzenean arituko den lan taldea zazpi lagunek osatu beharko dutela zehaztu du Udalak bere deialdian: lau hezitzailek, bi psikologok eta arduradun batek. Gainera, koordinatzaile bat ere izendatu beharko du kontratatuko den enpresak. Aipatu lan taldea osatzen duten profesionaletatik bost egun osoko jardunaz arituko dira eta hezitzaileetako bat jardun erdiz. Dena den, jardun hori egun osora luzatu daiteke zerbitzuak duen eskaeraren arabera; aukera hori ere jasota dago Udalak zehaztu dituen oinarrietan. Langile bakoitzaren formazio akademikoa, euskara ezagutza eta gutxieneko esperientzia ere deialdian jasota dago.
Zerbitzu esleipen prozesu honetara aurkezten diren enpresek, eskaintza ekonomikoa eta garatu asmo duten proiektuaren memoria presentatu behar dute. Lanen azalpen memorian erabiliko den lan metodologia, giza baliabideak, arreta protokoloa edota profesionalen formazioa eta esperientzia azaldu beharko dira, besteak beste. Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua urtebeterako kontratatu nahi du Udalak, urtebeteko beste hiru luzapen gehitu daitezkeelarik. Lehenengo urtebeterako 463.478 euroko gehienezko prezioa finkatu da. Enpresek beraz, horren pareko edo merkeagoa den eskaintza egin beharko dute. Eskaintzak aurkezteko epea apirilaren 22an amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!