Brontze arokoak liratekeen hezurrak aurkitu ditu AMETek, Arantzazu inguruko koba batean
Aldaka hezurrak aurkitu zituzten Aloña Mendiko Espeleologia Taldeko kideek, Arantzazuko koba batetan. Bertan ateratako argazkien bidez emakumezko baten hezurrak direla egiaztatu zieten adituek. Hezurrak aspaldikoak direla begi bistakoa zen, gainean estalagmita moduko egiturak sortzen hasita zeudelako, eta Brontze arokoak direla pentsatzen da, hau da, orain dela 4.000 urte ingurukoak edo. Garai hartan ehorzketa-haitzuloak ohikoak ziren eta AMETekoek topatutakoa halako hilobiratze baten aztarnak direla uste da. Aurkitu eta berehala, berria Foru Aldundiari eman zioten eta bertako teknikari bat Oñatira etorri zen pasa den astean, hezurrak jaso eta Irungo Gordailura eramateko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da Gordailua.
Ez da lehen aldia espeleologia taldekoek halako aurkikuntza bat egiten dutela, orain hurrena, 2022an topatutako haur baten kaskezurra da. Hura eta 10 urte lehenago Araotz aldean aurkitutako beste aldaka hezur batzuk ere Brontze aroan egindako hilobiratze ezberdinetako aztarnak ziren.
Aloña Mendiko espeleologia taldekoak katalogatutako kobazuloetara itzuli eta datuak eguneratzen ari dira, eten gabe. Halako bisitetako batean topatu dituzte emakume aldaka hezurrak Arantzazu inguruko koba batetan.
Lanpetuta ibili dira azkenaldian AMETeko kideak, Aste Santuan gurean egin diren 31. Euskal Espeleologia jardunaldiak antolatzen ere buru-belarri ibili baitira. Jardunaldien helburuetako bat Lizartza 1 sistema esploratzen jarraitu eta Gesaltza-Arrikrutz sistemarekin lotzea zen, bi eremuak oso hurbil zeudela baitzekiten. Ez da posible izan, ordea, ustekabean topatutako faila batek Gesaltzarekiko paraleloa den beste galeria batetara eraman baititu espeleologoak. Oraingoan ezin izan dituzte bi sistemak lotu baina bada bertara itzultzeko prest dagoen talde bat; maiatzaren 1eko zubian sartu asmo dute eta muntatuta dagoen bibaka baliatuko dute. Gainera, bertarako bidea asko murriztuko lukeen sarrera berri bat aurkitzen ahaleginduko dira; koba barruan, 60 metroko eskaladaren ondoren bizirik topatu zuren muxar batek beste sarrera bat badagoela pentsatzeko zantzuak eman dizkie.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!