Oñatiko udala

Kiroldegiko eta Kalegoienako udal aparkalekuak arautzeko ordenantza jende agirian dago iradokizun edo erreklamazioetarako

2016/04/27
Card image cap
Erabilera ordutegia, baldintzak, ordainketa eta arau hausteak jasotzen dira, besteak beste

  Apirilaren 7an onartu zen hasiera bateko izaeraz, Kiroldegia eta Kalegoienako lurrazpiko aparkalekuak arautzen dituen udal ordenantza. 13 artikuluko ordenantzan, aparkalekuen ordutegia, erabilera, aparkatzeko baldintzak, ordainketa arauak, eta isuna jasoko duten arau hauste konkretuak zehazten dira, nagusiki.

  Kiroldegiko aparkalekua 24 orduz erabilgarri dagoela zehazten da ordenantzan, Kalegoienakora ordea, 6.00etatik 00.00tara soilik sartu daiteke autoa aparkatzera. Bertan aparkatuta daudenak berriz, noiznahi atera daitezke. Lurpeko udal aparkalekuetan lehenengo bi orduak doan dira eta tarte hori igarota, aparkaldia minutuka kobratuko da. Tarifa, udalaren ordenantza fiskaletan jasoko dela ere zehazten du ordenantzak.

  Orain aste gutxi dela, aparkaleku publiko hauetako kontrol sistema aldatu da eta TAO sistema jarri da. Horrek esanahi du, ibilgailua aparkatuta, parkimetro-makinara joan eta txartela atera behar dela, autoan, leku agerian jartzeko. Baina aparkalekuen erabilera ordenantzan, Kiroldegiko aparkalekuan indarrean den praktika bat ere jaso da, alegia, astelehenetik ostiralera, eta eskola egunetan, 8.00tatik 9.15tara, ordu laurden batez tiketik jarri gabe aparkatu daitekeela. Inguruan ikastola dago, eta haurrak uzteko goizeko lehen ordutan, erabiltzaile askok sartu-irten arinak egiten dituzte. Praktika hori ez oztopatzearren, eta gehienez 15 minutuz, autoan tiketa jarri gabe aparkatu daiteke, esan bezala.

  Aparkaldiari erreferentzia eginez bestalde, erabilera araudian, ibilgailua, gehienez 24 orduz jarraian aparkatuta eduki ahal izango dela zehazten da. Luzaroagoan uzteko beharra duen erabiltzaileak, baimena eskatu beharko du eta Udalak onartuz gero, baimen berezia duela adierazten duen txartela jasoko du.

  Aipatu baldintza eta arauak bete ezean, isuna jarriko dela ere zehazten da ordenantzan eta arau haustetzat hartuko diren kasuak zerrendatzen dira: tiketean adierazitako aparkaldia gainditzea, tiketa ez jartzea, jarri bai baina kanpotik ikusteko moduan ez egotea edo abonatuaren identifikazio txartela kanpotik jartzeko moduan ez jartzea eta baliozkoa ez den tiketa erabiltzea. Kasu guzti hauetan, erabiltzaileak trafikoko udal ordenantzan finkatutako isuna jasoko du. 24 orduko epean parkimetro-makinan ordainduz gero, isunaren zenbatekoa erdira murriztuko dela ere zehazten du ikusgai dagoen aparkaleku publikoetako ordenantzak.

  Ordenantza, bere osotasunean, udal bulegoetan ikus daiteke eta alegazio edo iradokizunen bat egin nahi duenak, maiatzaren 19ra arteko epea du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!