“Auzotasuna” dirulaguntzaren aurrerakina eskatu dute Lezesarri, Araotz eta Goribar auzoek

Lezesarrin Urrutxuko hondakin-gunea estali dute, Araotzeko ostatuan etxola prefabrikatu bat egingo da trasteleku gisa eta Goribarren Berotegi baserriko biretan bueltalekua konponduko da. Lan horiek ordaindu ahal izateko eskatu dute Auzotasuna dirulaguntzaren baitan dagokien atalaren zati bat aurreratzea. Egin diren edo egin asmo diren lanen aurrekontua aurkeztu dute auzo-alkateek eta gobernu taldeak onartu egin du. Guztira, 18.908,45 euro aurreratuko zaizkie.
Auzotasuna deritzon diru poltsa jaso egin zuen Udalak 2025eko aurrekontuak onartzerakoan eta 117.362 euro daude herriko 16 landa-auzoen artean banatzeko. Auzo bakoitzean erroldatuta dauden herritarren arabera eta baserri kopuruaren arabera osatu zen dirua banatzeko taula, auzo txikienei gutxieneko bat ziurtatuta. Auzotarren bizi kalitatea hobetu, auzo izaera eta nortasuna indartu eta bizirik mantentzeko helburuz sortu zen Auzotasuna deritzon dirulaguntza hau eta dirua zertan inbertitu auzoak berak erabakitzen du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!