Oñatiko udala

Autobusak antolatu dira pentsionistek Donostian eta Gasteizen egingo dituzten manifestazioetarako

2025/09/17
Card image cap
Gutxieneko pentsioak eta gutxieneko soldata parekatzeko eskaera Legebiltzarrean eztabaidatzea aldarrikatuko dute

  Pentsioak osatzeko Berme Errenta eta beste bide batzuk badaudela esanez Eusko Jaurlaritzak eman zuen erantzunak ez ditu asetu pentsionistak, are gehiago, haserretu egin ditu. Legegintzako Herri Ekimena eztabaidatzeko aurkeztu zituzten sinadurak, 145.000 baino gehiago, kontutan hartzea eskatuko dute kaleetan, berriro. Larunbatean manifestazioak egingo dira Donostian, Gasteizen eta Bilbon eta irailaren 25ean Gasteizen. Oñatiko pentsionistak Donostiako eta Gasteizko mobilizazio bateratura deitu dituzte eta joan-etorrirako autobusak jarriko direla jakinarazi zaie.

  Donostiako manifestazioa Boulebardetik abiatuko da larunbat eguerdian eta bertaratzeko autobusa 10:30etan pasako da Elorregiko geltokitik. Izen-ematea zabalik dago, bihar arte. Asteleheneroko elkarretaratzeak antolatzen dituztenei izena eman behar zaie eta Oñatitik San Prudentziora denok elkarrekin joateko modua egingo da. Irailaren 25ean Gasteizen egingo den elkarretaratzea lehenago hasiko da, 10:30etan, baina garraiorako sistema berbera jarraituko da. Joateko asmoa dutenek datorren asteleheneko elkarretaratzean izango dute izena emateko aukera. Euskal gehiengo sindikalak bat egin du mobilizazioekin, astean jakinarazi dutenez.

  Eusko Jaurlaritzak pentsioak osatzeko eztabaida eragotzi nahi duela diote pentsionistek baina ez daude halakorik onartzeko prest. Egun pentsio txikia dutenei eskaintzen zaien Berme Errentak ez du dagoen beharra betetzen, pentsionisten esanetan, eta 100.000 emakumeren pentsioa 850 eurotik behera geratzen dela salatu dute. Hileroko pentsioa gutxieneko soldataraino jasotzea eskatzen dute eta lortu edo ez, gaia Legebiltzarrean eztabaidatzea nahi dute. Gaia irailaren 25eko saioan aurkeztuko da Legebiltzarrean eta pentsionistek aretoaren kanpoaldean biltzeko asmoa dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!