Oñatiko udala

"Irisgarritasunaren ibilbideak" egitasmoan parte hartzeko deialdia zabaldu du Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak

2025/09/17
Card image cap
Errekaldeko irisgarritasuna aztertuko da astelehenean
3. irteera osatuko da astelehenean, inguruaren irisgarritasun gabeziak identifikatzeko

  Oñatin irisgarritasun arloan egon daitezkeen gabeziak, edo hobetu daitezkeenak, jaso eta hobetzeko proposamenak udalari helaraztea da Irisgarritasunaren ibilbide hauen helburua; denon artean, herritar ororentzat eroso eta atseginagoa izango den herria egokitzea da asmoa. Proiektura batu eta asteleheneko ibilbidean parte hartzeko deialdia zabaldu du Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak.

  Irisgarritasunaren ibilbideak egitasmoa herrira eta ahalik eta herritar gehienera zabaltzeak badu arrazoi praktikoa, arinago eta modu osatuagoan egin baitaiteke, bakoitzak izan ditzakeen behar eta zailtasunak ezberdinak eta anitzak direlako. Foruen enparantzan, goizeko 10:30etan egin da astelehenerako hitzordua. Bertan izango dira Pertsona Nagusien Mahaiko kideak herritarrei harrera egiten eta irisgarritasunaren ibilbidea egitasmoa zertan den eta beteko dituzten ibilbideak azaltzen. Ondoren, ibilbideak betetzera abiatuko dira, han eta hemen ikusten dituzten irisgarritasun gabeziak identifikatu eta jasotzeko. Irteerak ordu eta erdi irautea aurreikusten da eta 12:00etarako amaituko da. Bi talde egiteko asmoa dago eta bakoitzak ibilbide ezberdin bat osatuko du; batzuk Bidebarrieta eta Atzeko kale inguruetan ibiliko dira eta besteak Errekaldera joango dira eta, denborarik izanez gero, Bakardade Ama kaletik Portu kalera eta plazarainoko ibilbidea osatuko dute.

  Iazko udazkenean ekin zion irisgarritasun ibilbideak egitasmoari Pertsona Nagusien Mahaiak eta bi saio egin dira orain arte. Lehenean, erdigunea eta kanposantu inguruan ibili ziren eta pasa den otsailean San Lorentzo, Olakua eta Kale Zaharraren zati bat aztertu ziren. Hirugarren saioa egingo da astelehenean, bi ibilbide lantzeko asmoz. Horren haritik dator Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak luzatu duen dei eta gonbidapena: astelehenean, 10:30etan, plazan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!