Kiroldegian eta Kultur etxean hasi dira Covid ziurtagiria eskatzen
Covid ziurtagiri digitala eskatzeko guneen zerrenda berria argitaratu da Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean gaur. Kontzertu areto eta bestelako kultur eta arte-ekitaldi hartzen dituzten espazio itxietan; kiroldegi, gimnasio eta kirol jardueretarako barne-espazioetan eta ostalaritza establezimenduetan sartzeko nahiz ospitale, zentro soziosanitario edota espetxeetara bisitan joateko Covid ziurtagiria beharko da aurrerantzean. Eta hala eskatzen hasi dira goizean Zubikoa kiroldegian, adibidez. Kultur etxean ere arratsalderako programatuta zegoen hitzaldi atarian agiria erakutsi behar izan dute entzuleek.
Baina zalantzak daude halako agiria non eskatu behar den, zine aretora sartzeko beharrezkoa ote den ez dago argi nonbait. Udal arduradunak hainbat kontsulta egin dituzte eta horien arabera finkatuko da zein zerbitzutan erakutsi beharko den Covid ziurtagiria.
Eta badira agiri digital hori eskuratzeko zailtasunak dituzteak, adinekoak, esaterako. Pake leku elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak laguntzeko gertu azaldu dira; asteazken eta ostegunetan, goizez eta arratsaldez, Pake Leku elkartean egongo dira Covid ziurtagiri digitala deskargatzen ez dakiten edo asmatzen ez duten nagusiei laguntzen.
Pake leku elkartean Santomas egunaren inguruan egin ohi duten txistorra jana ere egokitu behar izan dute, pertsona pilaketak saiheste aldera. Orain arte, txistorra pintxoak eta edari banaketa 18:00-18:30ak inguruan egiten zen baina aurten, Santomas egun osoan zehar egingo da Pake lekuko tabernan. Horretarako txartela aurkeztu beharko da. Bihar arratsaldean, 18:30tan, jarriko dira salgai txistorra pintxo-poterako txartelak jubilatuen elkartean, euro baten truke. Tabernan ere banaka batzuk utziko dira hurrengo egunetan eskuratu nahi dutenentzat.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!