Kirol elkarte eta taldeen artean 12.000 euro banatuko dira, ekintzak antolatzeko
Udaleko Kirol departamentuak bi laguntza lerro ditu: kirola sustatzeko antolatzen diren ekintzetarako kirol elkarteei zuzendutakoa, batetik, eta ohiz kanpoko jarduerako ematen direnak, bestetik. Ohiz kanpoko jardueren atalean 10 eskaera aurkeztu dira; guztiak diruz babestea proposatu zuen Kirol batzordeak eta hala onartu eta erabaki da gobernu batzordean.
Udalaren dirulaguntza jasoko dute Antxintxiketan kirol elkarteak San Silbestre lasterketa antolatzeko eta Eraun Torreauzo auzo elkarteak ekainaren 28an egingo den Torreauzoko kroserako; herriko pilota txapelketak eta Zubillagako pala txapelketak; Oñatiko mendi martxak, Pago Uso elkarteak, Gabonetako futbito eta saskibaloi txapelketetako antolatzaileek eta Txantxiku arkulariak taldeak. Azken honek bi jardueratarako laguntza eskatu eta eskuratuko du, XVIII. San Migel saria eta jaietako erakustaldia antolatzeko, hain zuzen. 9 elkarte hauen artean 12.008 euro banatuko dira.
Baina Oñatin bestelako kirol jardun eta ekintzak ere egiten dira, Aloñako igoera edota Kantoikrit proba esaterako eta horiek babesteko banakako hitzarmenak izenpetzen ditu Udalak, Aloña Mendi kirol elkartearekin egiten duen bezala.
Kirol elkarte eta taldeei zuzendutako dirulaguntzak onartu berri dira. Orain, laguntzaren % 60 ordaindu da eta egitasmoa burutu ondoren, jardueraren memoria eta likidazio ekonomikoa aurkeztu ondoren, gainontzeko % 40a.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!