Kimu-Urtxin loradendak "Singular Denda" errekonozimendua jaso berri du
Singular denda berrien ikurren banaketa Ordizian egin zuen Gipuzkoako Merkatarien Federazioak, astelehenean. Ekitaldian 10 saltokiri aitortza egin zitzaien, tartean, Oñatiko Kimu-Urtxin loradendari. Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.
Singular dendak programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak sortu zuen 2014an eta hiru urte beranduago Debagoienera zabaldu zuen, Oñatiko eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Herriko komertzioek urte eta programa ezberdinetan parte hartu dute eta dagoeneko hamabik lortu dute Singular denda errekonozimendua: Maibi dekorazioak, Arkauz optikak, Andrea Azkoaga Interioristak, Candeluka jantzi dendak, Oñabikek, Trikitx dendak, Iramirak, D’Or estetikak, Txokolateixak, Itziar optikak, Sillero oinetakoak eta astelehenetik Kimu-Urtxin loradendak ere bai. Singular dendak ekimenaren baitan hiru lan ildo jorratzen dira: formakuntza eta aholkularitza Singular dendak izan nahi duten herriko komertzioei zuzenduta, jada bereizgarria dutenei hobetzen jarraitzeko proposamenak eta bereizgarria herrian ezagutzera emateko ekintzak.
Ordiziako ekitaldian sarituez gain, egitasmoa babesten duten hainbat udaletako ordezkariak egon ziren, tartean Idoia Aierbe Udaleko Sozioekonomia arloko batzordeburua.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!