Kerik Gabeko Astea antolatu du Osakidetzak, tabakoaren eta hauen ordezko produktuen arriskuetan azpimarra jarrita
Debagoieneko ESIk aktiboki parte hartzen du Osakidetzak antolatu duen Kerik Gabeko Astean. Tabakismoak eragindako osasun ondorioak ezagutzera emateko ekintzak egin ohi dira eta aurten, bereziki, tabakoaren eta horrekin lotutako produktuen arriskuetan jarri da azpimarra. Maiatzeko azken aste osoan zehar mahai informatiboak egongo dira osasun zentroetan; infografien bitartez, tabako erretzearen eta bapeatzearen inguruko kalteak zein mitoak eta egiak adieraziko dira baita ere kearen arriskuak, orokorrean eta bereziki haurdunaldian. Era berean, erretzeari uzteko Osakidetzak eskaintzen dituen baliabideak ere azaltzen dira, besteak beste.
Maiatzaren 31a da Tabakorik Gabeko Mundu eguna, eta horren haritik antolatu du Osakidetzak Kerik Gabeko Astea. Osasun zentroetan ez ezik, ekintzak kanpoan ere egin asmo dituzte, herriko eragileekin elkarlanean. Bergaran, esaterako, Bergara Oinez ekimena aintzat hartuta, ibilbide osoan zehar herritarren kontzientziazioa eta sentsiblilizazioa sustatzeko ekintza ezberdinak modu aktiboan gauzatuko dira, ostegunean. Oñatin ere, ekintzaren bat prestatzeko asmotan dabiltza.
Debagoieneko ESIk herritar guztiak gonbidatzen gaitu Kerik Gabeko Astean parte hartzera eta tabakismoa eta zigarreta elektronikoak eragiten duen beste ke mota batzuen kalteei buruz hausnartzera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!