Kanposantu osteko auzokonpost gunean toldoa jartzeko aukera aztertuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Aurreko bilkurako akta onartu eta azken orduan aurkeztu daitezkeen gaiei bidea emateko puntuez gain beste hiru gai konkretu zerrendatu dira gaurko bilerarako; kanposantu ostean dagoen auzokonpost gunean eta konkretuki ontze gunea estaltzeko toldoa jartzeko aukeraz berba egingo da arratsaldeko bilkuran. 2020an erabaki zen herrian dauden auzokonpost guneetan sortzen den konposta kanposantu atzealdera eraman eta gordetzea, aldian-aldian egiten diren material banaketarako. Konposta biltegiratzeko siloak eraiki ziren, hormigoizko solera baten gainean eta gerora, toldo bat jarri zitzaien, euritik babesteko. Gunea, ordea, zaharkituta geratu da eta egokitzea komeni da. Hala, estalki berria jarri eta gunearen itxitura hobetzea aurreikusten da, lapurretak ekiditeko ate metalikoa jarriz. Gaurko tokiko gobernu batzarrean ontze gunerako toldo edo estalki berria erostea proposatuko da. 4 m zabal eta 5 m luzeko toldoa jartzea aurreikusen da, albo bakoitzean gida metalikoekin, motor baten bidez zabaldu eta batzeko lanak automatikoki egin ahal izateko. Halakoak hornitzen dituzten enpresa ezberdinetara jo da aurrekontu eske eta jasotako erantzuna azalduko da arratsaldeko bileran, erosketaren inguruko erabakia hartu ahal izateko.
Pasa den astean bezala oraingoan ere auzotasun programaren baitan landa-auzo batek egindako dirulaguntza eskaera aztertuko da, Garibai auzoarena, hain zuzen. Koixkarko ermitan egin diren konponketa lanak dira nagusiki eskaera horretan aipatzen direnak. Azkenik, Gabonetako kultur egitarauan jaso den Gospel ikuskizunaren inguruko kontratazioaz ere argibideak emango dira gaurko bileran.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!