Kaleko argiteriaren %85a LED teknologiakoa da Oñatin eta % 70aren inguruko aurrezpena lortu da
Azken bi urteetan kaleko 688 luminaria aldatu eta LED teknologiakoak jarri dira. 390.619 euroko inbertsioa egin da eta emaitzak jasotzen ari dira, argiteria faktura %70 inguru merkatu da, aldaketak egin diren puntuetan. Horrek urtean, 65.000 euro gutxiago ordaintzea ekarriko du, egin da inbertsioa 6 urtetan amortizatuz.
Oñatin, guztira, 2.741 argi puntu daude eta horietako 2.330 Led teknologia dute, hau da, %85. Bestelako teknologia duten 411 luminariak, lekuan lekuko proiektuen bitartez aldatzeko asmoa du Udalak, jakinik, lan handiena eginda dagoela. 2022-2023an egin zen diagnostikoaren emaitza da guztia. Diagnostikoan, argiteria puntuen inbentarioa, puntu bakoitzaren koste azterketa, kontrol koadroen eguneraketa eta kale argiztapenaren analisi funtzionala egin zen eta hainbat lanpara aldatuta, energia kontsumoa eta kostua murriztu zitezkeela ondorioztatu zen. Azken hilabeteotan jasotzen ari diren datuek aipatutako murrizketa egiaztatzen dute. energia kontsumoa %67 murriztu da, iazko datuekin alderatuta, eta dirutan %72 aurrezpena ekarri du.
Oñatiko energia planeko 7. puntuan jasota dago argiteria kontsumoa murrizteko kaleko argiterian teknologia berriak eta iraunkorrak txertatzea. Horri batu behar zaio eraikin publikoetan helburu berberaz egiten ari diren inbertsioak. Ondorioa da Udalak argindarrean ordaintzen duena nabarmen murrizten ari dela.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!