Kalegoienan komun publiko autogarbigarria hornitu eta instalatzeko lanen esleipena abiatu du Udalak
Azken Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki zen berez garbitzen den komuna hornitu eta instalatzeko prozesua martxan jartzea eta deialdia argitaratu da jada udal web atarian. Berez garbitzen den komunak eta kabinak gutxieneko baldintza eta ezaugarri teknikoak bete behar dituela zehazten da oinarrietan: erabilera anitzekoa eta desgaitasun funtzionala duten pertsonek erabiltzeko modukoa izan behar du, kabinaren funtzionamendua guztiz automatikoa, eta irisgarritasun araudia bete dezan, barruan 1,80 m diametrodun biratze-zirkulua eta 0,90 m-ko ate zabalera izan behar du. Euste-barra finkoak, eraisgarriak eta altzairu herdoilgaitzezkoak izango ditu, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokiak, eta erabiltzaileentzako espazioak, funtzionatzeko eta erabiltzeko elementu guztiak eremu bakar batean izan beharko ditu. Instalazioentzat bereizitako gela tekniko bat ere izan beharko du, baimendutako langileek bakarrik erabiltzeko. Sarrerako ateak elektroimana izango du, ordutegi-programazio sistemarekin eta kanpo-seinaleztapenak komuna libre, okupatuta edo zerbitzuz kanpo dagoen argi adieraziko du. Kanpoaldean hiru plazako pixalekua ere instalatuko da, altzairu herdoilgatzez egina eta pribatutasuna bermatzeko pantailarekin. Elementu hori komun-moduluaren egitura nagusian integratuta egongo da, multzo osoak unitate funtzional bakarra osatuz. Komun publiko autogarbigarria Kalegoienako lurrazpiko aparkalekuaren oinezkoen sarrera aldamenean kokatuko da.
Berez garbitzen den komuna hornitu eta instalatzeko aurrekontua 59.290 euro da eta lanaren esleipena eginda, 10 asteko epean instalatu beharko da. Kalitate-prezio erlaziorik onena aurkezten duen enpresa lehenetsiko da eta adjudikaziorako irizpide nagusia eskaintze ekonomikoa izango da, gehienera, 75 puntu emango ditu. Berme epea luzatzeak eta asistentzia teknikoa emateko epea laburtzeak beste 15 eta 10 puntu emango ditu, hurrenez hurren. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, abuztuaren 3ra arte.
Kalegoienakoa herrigunean kokatzen den bosgarren komun publikoa izango da, postetxe eta San Lorentzoko autobus geltokietakoak, plaza ondokoa eta ur txorroten parkekoa osatuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!