Oñatiko udala

Gauerdian hasiko da azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako kanpaina

2026/11/12
Card image cap
Kartelak itsasteko 40 panel jarri dira herrian

  Kultur Etxeko lorategiko burdinsarean, Bidaurretako fraideen ortuko burdinsarean, Portu kalean Galartza etxeko burdinsarean eta Lazarraga kaleko Garay finkako lorategiko burdinsarean jarri dira hauteskunde propagandarako panelak, gaur goizean. 10 panel gune bakoitzean, hauteskunde batzordeak onartu eta argitaratu zuenez. Ohiturak aldatzen ari dira eta kanpaina egiteko bideak ere aldatzen ari dira. Alderdi baten edo beste baten aldeko botoa eskatzeko geroz eta kartel gutxiago itsasten dira. Hala ere, legez, oraindik, halako panelak jartzeko derrigortasuna dago. Udal langileek gaur goizean bertan aritu dira panelok zehaztutako lekuetan jartzen.

  Diputatuen Kongresurako 11 hautagaitza eta Senaturako 8 aurkeztu dira Gipuzkoan: EH Bildu, Euzko Alderdi Jeltzalea, PSE-EE; Partido Popular, Partido Animalista con el medio ambiente, Frente Obrero, Vox, Escaños en Blanco, Podemos, Euskadiko Langileen Alderdi Komunista eta Frente Amplio dira Diputatuen Kongresurako aurkeztu diren hautagaitzak. Senaturako, berriz, EHBildu-ERC hautagaitza bateratuarekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalea, PACMA, Podemos, Euskadiko Langileen Alderdi Komunista, Aurrera doan senatua eta Vox dira hautagaitzak.

  Kongresurako sei diputatu hautatuko dira Gipuzkoan eta Senaturako berriz, lau kide. Aipagarria da, Senaturako zerrendak irekiak direla eta boto-emaileak sigla jakin bateko zerrenda ez baizik eta senatari-gaiak aukeratu eta markatu beharko dituela. Horrek, ondorengo kontaketan lana luzatzea eragingo du.

  Gauerdian hasiko den hauteskunde kanpaina azaroaren 27ko gauerdian amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!