Oñatiko udala

Kale-garbitzaileek greban jarraitzen dute

2025/10/10
Card image cap
Kale-garbitzaileak Herri Egunean
Langile, sindikatu eta udal ordezkarien partaidetza izango duen lan taldea eratzea erabaki da, 2026ko lan egutegia zehaztu eta gatazka bideratzeko asmoz

  Negoziazio Mahaia elkartu da gaur baina kale-garbitzaile eta udalaren arteko adostasunik ez da lortu. Ondorioz, irailaren 27an garbitzaileek hasi zuten grebak jarraituko du. Jaietako egunetan ez da antzeman greba agindutako, %100eko gutxieneko zerbitzuak bete direlako baina azken egun hauetan %25ra murriztu dira eta hala beteko dira asteburuan ere. Greba bertan behera uzteko adostasunik ez da lortu gaur goizeko bileran baina lan talde berri bat eratzea erabaki da. 2026ko lan egutegian zentratuko da taldea. Gainontzeko udal langileekin parekatu eta eguneko lan jarduna luzatuta atseden egun gehiago hartu ahal izatea eskatzen dute garbitzaileek. Txandak betetzeko plantilla handitu behar dela diote. Gobernu taldeak, ordea, ez du handitze horren beharrik ikusten. Horren haritik, egutegi proposamen bat aurkeztu die langileei, astean, baina langileek ez dute onartu eta greban jarraitzea erabaki dute. 

  Gobernu taldeak 1.592 lan ordu eta gehienez 218 lan egun izango dituen egutegia aurkeztu die kale-garbitzaileei. Ostera, lau pioi gidariko plantila bermatzeko gertu azaldu da gobernu taldea, langileek eskatu bezala. Bestetik, bi konpromiso gehigarri ere helarazi dizkie langileen ordezkariei: egutegi berria martxan jartzean kanpo azterketa bat egitea, besteak beste, zerbitzua bera aztertu eta beharrekoa bada hobekuntzak proposatzeko, eta bi hilean behineko bilerak egitea langile-ordezkari, udal teknikari eta batzordeburuak, egutegiari lotuta aldian-aldian egon litezkeen intzidentziak jaso eta aztertzeko. Udal gobernu taldeak dio hasieratik negoziatzeko borondatea izan eta erakutsi duela. Halaber, egungo plantillarekin lan egutegiari lorutako eskaerak bermatzea posible dela uste du. Zentzu horretan langileen erabakia ulertzeko zaila egiten zaie udal arduradunei. Kontzeptuen erabileraren inguruan kezka ere azaldu dute gaurko negoziazio mahaian, esanez, esklabutza edo baldintza prekarioak egotzi zaizkola Udalari, langile publiko diren heinean baldintza duinak dituztenean; langile orokorekiko errepetuagatik halako kontzptuen erabilera neurtzea ere eskatu diete kale-garbitzaileei.

  2026ko lan egutegia zehazteko ardura izango duen talde berezi hori datorren astean hasiko da lanean, ahal dela astelehenean bertan, gatazka ahalik eta azkarren bideratzeko asmoz. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!