Kale garbitzaileek greba mugagabea deitu dute irailaren 27tik aurrera

Kale garbiketa zerbitzuan dauden gabeziak aspalditik salatzen ari dira langileak baina 2026ko lan egutegia aurkezterakoan are eta ageriago geratu dira. Lan taldea justukoa dela eta bajaren bat dagoenean, edo pioi-gidariaren faltan barredorak erabili ezin direnean, beraien jarduna luzatu eta zaildu egiten dela diote kale garbitzaileek. Daukaten lanaldia bulegoetako langileena baino murritzagoa izanik, egun gehiagotan lan egin behar dutela ere badiote eta Udalak ezarritako gutxieneko lan taldeak osatzeko, asteburuetan libratzea oso zaila dutela. Kolektiboaren lan egoera hobetzeko asmoz udal arduradunekin hainbat bilera egin dira udaberritik hona baina ez da erabakirik hartu. 2026ko lan egutegira begira bi eskaera konkretu egiten dituzte kale garbitzaileek: 2 pioi gidari gehiago kontratatuz plantilla handitzea, makinen erabilera ziurtatu eta gutxieneko zerbitzuak errazago betetzeko, eta eguneko lan-jarduna 7:25 ordukoa jartzea, atseden egunak gainontzeko udal langileen antzera izan ditzaten. Orain arteko bilerek konpromiso edo erabaki konkreturik ekarri ez dutenez grebara jotzea erabaki dute kale garbitzaileek; greba mugagabea iragarri dute irailaren 27tik aurrera.
Egoera bideratzeko asmoz Negoziazio Mahaia ireki da Oñatiko Udalean, ordezkari politikoak eta sindikalak batuz. Gobernu taldetik eskaerei erantzuteko prestutasuna azaldu da baina aukerak aztertzeko denbora eskatu da. EAJko udal taldeak, bere aldetik, prentsa-oharra zabaldu du, kale-garbiketako langileak babestuz, eta gobernuari irtenbide bideragarri eta adostua bilatzeko ahalegina eskatuz. Langileen aldarrikapenak arrazoizkoak direla diote jeltzaleek idatzian; bide garbiketa funtsezko zerbitzua dela eta ez dela onargarria langileriaren ezinegona eta zerbitzuaren prekarietatea hazten jarraitzea Udala pasibo agertzen den bitartean salatu du Amaia Erostarbe bozeramaleak. Sindikatuetako ordezkariak bihar eguerdian elkartuko dira kale garbitzaileekin.
San Migel jaietako asteburua eta ekintza nagusiak irailaren 26an hasiko dira, kale garbitzaileek greba orokorra iragarri dute hurrengo egunetik aurrera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!