Kale garbiketa pioi gidari plaza betetzeko deialdia argitaratu du Udalak

2022ko lan eskaintza publikoan jaso zen kale garbiketako pioi gidari plaza. Ez da lehen aldia plaza hau betetzeko deialdia egiten dela; orain bi urte abiatutako hautaketa prozesua bertan behera utzi zen ekainean, inork ez zuelako gainditu. Orain deialdi berria argitaratu da, baina oinarriak aurrez zehaztutako berberak dira: euskarari dagokionean, lehen hizkuntza eskakizunaren maila eskatzen da; eskola ziurtagiria edo baliokidea; C motako gidabaimena eta indarrean dagoen gidarien kualifikazio txartela. Interesatuek abuztuaren 21era arteko epea dute izena emateko, HAZ bulegoan edo udalaren erregistro elektronikoan sartuta.
Kale garbiketako pioi-gidari plaza oposizio-lehiaketaz beteko da. Hautagaiek azterketa teoriko-praktikoak eta gaitasun eta nortasun probak gainditu beharko dituzte eta euskara maila egiaztatzen ez dutenek, euskara azterketa ere bai. Lehiaketa fasean berriz, lan esperientzia, formazio akademiko gehigarria eta eskatutakoaren gaineko gidabaimenak izatea baloratuko da.
Bestalde, hutsik dagoen igeltsero ofizial lanpostua betetzeko deialdia zabaldu da, Lanbideren bitartez. Aldi baterako lanpostu honetara presentatzeko lau baldintza jarri dira: LH I izatea, igeltserotzan, elektrizitatean edo baliokide den arloren batean; instalatzaile txartela; B motako gidabaimena eta euskarari dagokionean, 2 HEren maila izatea. Euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenei azterketa egingo zaie. Oinarrizko baldintzak beteta prestakuntza osagarria baloratuko zaie hautagaiei. Hau da, lan esperientzia, lanpostuaren funtzioekin zerikusia duen gaietan formazio osagarria izatea eta C motako gidabaimena izatea. Interesatuek izena, Lanbideren web ataritik eman behar dute, lehenbailehen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!