Jendaurrean, ikusgai eta alegazioetarako epean dago araututako aparkalekuen ordenantza onartu berria
Oinezkoendako kaleetan dauden denda, ostatu eta zerbitzuetara errazago iristeko helburuz, denbora mugatuko aparkalekuak egokituko dira erdiguneko lau eremutan: Aita Madina kale inguruan, Portu kale eta Laboral Kutxa aurrealdean, Zubibarri eta Ramon Irizar kaleetan eta Motxon kalean. Gune hauetan aparkatzea doakoa izango da, baina gehienez ordubete aparkatu ahal izango da. Beti ere, merkatal ordutegi eta egutegian, hau da, astelehenetik larunbatera. Araututako aparkalekua izango duten beste bi gune ere berezituko ditu Udalak Bidebarrieta eta Kale Zaharrean. Bi gune hauetan inguruko bizilagunek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Baina aurrez, udaletxean, hartarako txartela eskuratuta.
Errotazioko aparkaleku sistema hau arautzen duen ordenantza, hasiera bateko izaeraz onartu zen pasa den asteko osoko bilkuran. Orain, 30 eguneko epea ireki da, dokumentua ikusi eta iradokizunak edo erreklamazioak egiteko. Gaur bertan zabaldu den epea abuztuaren 22ra arte luzatuko da.
Araututako aparkalekuen udal zerbitzuaren ordenantzari dagokion espedientea, udal bulego orokorretan edota udalaren web atarian, www.oñati.eus atarian ikus daiteke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!