Oñatiko udala

"Jairik gabeko bigarren urtea nola bizi duzu" gaiaren inguruko kartel lehiaketa antolatu da

2021/09/02
Card image cap
Iazko lan saritua
500 euroko saria jasoko du irabazleak

  Bizi dugun osasun egoerak sortutako bizipenak kartel batean irudikatzeko gonbidapena egin du Udaleko  Kultura departamentuak. Kartel lehiaketa honetara gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu egile bakoitzak. Lanak formatua digitalean aurkeztu beharko dira, hau da, PNG, JPG edo PDF formatuan. Eta hala bidali beharko dira kultur etxeko helbide elektronikora, hau da, kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera. Mezuan Kartel lehiaketa 2021 agertu beharko da eta egilearen izen abizenak eta telefonoa atxiki beharko dira.

  Lanak osatzeko teknika eta kolorea librea izango da, egilearen aukerakoa, eta horrelakoetan egin ohi denez, lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Aipagarria da aurkeztutako lanen egileak kudeatu beharko dituela kartelean agertzen diren argazki, ilustrazio edo baliabide grafikoengatiko eskubideak, baldin eta irudi-bankuetatik badatoz edo aurkeztutako lanaren egileak egin ez baditu. Zentzu horretan, Udalak uko egiten die aurkeztutako lanen edukiak hirugarrenei buruz sor ditzakeen erreklamazioetatik eratorritako erantzukizunei. Lanak aurkezteko epea irailaren 16an, 20:00tan amaituko da.

  Kartel irabazlearen hautaketa internet bidezko bozketaz erabakiko da. Aurkeztutako lanak sare sozialetan eta udaleko web orrian zintzilikatuko dira eta herritarrek gehien gustatzen zaiona aukeratuko dute. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Aurkeztutako lanak jendaurrean erakusteko aukera ere jaso da oinarrietan.

  Iaz, pandemia sortu zenean, ez-jaiak eragindako egoera irudikatzeko lehen kartel lehiaketa antolatu zuen Udalak eta Sophia Morales-ek irabazi zuen.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!