Oñatiko udala

Jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa abiatu da

2026/06/12
Card image cap
Iaz aurkeztu ziren lanak
Lanak aurkezteko epea uztailaren 3an amaituko da

  San Migel eta Erroxarixo jaietako egitarauaren azala irudikatzeko lehiaketa deitu du Udaleko Kultura departamentuak. Irudi-lehiaketa honetan 18 urtez gorako edonork har dezake parte. Lanen formatua digitala izan beharko da eta TIFF formatuan aurkeztu beharko dira. Erabiliko diren koloreak eta teknika, berriz, norberaren aukerakoak izango dira, libre utzi dira. Lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira eta ezin dira adimen artifiziala erabiliz sortu. Lan guztiek, derrigorrean, gutxieneko testu hau agertu beharko dute: OÑATIKO JAIXAK 2026.

  Lanak, egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira baina identifikatu ahal izateko, bidaltzen denean, egilearen izen-abizenak eta telefonoa dituen orria erantsi beharko zaio mezu elektronikoari. Lanak udaleko erregistro elektronikora bidalita aurkeztu beharko dira (www.oñati.eus). Mezuan, Kartel lehiaketa 2026 idatzi beharko da. Aurkezteko epea uztailaren 3an itxiko da.

  Sari bakarra emango da, 500 eurokoa, hain zuen. Horrezaz gain aukeratutako lana etxe guztietara zabalduko den jai programaren azalean agertuko da. Kartel irabazlea hautatzeko internet bidezko bozketa librea irekiko da uztailaren 9tik 12ra. Esteka sare sozialetan eta udaleko web orrian zintzilikatuko da.

  Lanak lehiaketatik kanpo uzteko kasuak ere zehaztu eta jaso dira oinarrietan. Hala, autorea nor den zalantzan dagoenean, aurkeztutako lana pertsonen duintasunaren kontra doanean edota beste obra batzuen irudia denean, lana baztertu egingo da. Era berean, aurkeztutako lanen maila nahikoa ez dela erabakiz gero, ez da saririk emango.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!