Oñatiko udala

Jabetze Eskolako sei ikastarotan lekua dago eta urriaren 5era arte luzatu da izen-ematea

2025/09/25
Card image cap
Amatasunari buruzko solasaldi zikloa ere antolatu da

  Udal arduradunak pozik daude Jabetze Eskolako eskaintzak izan duen harrera onagatik. 80 emakumek izena eman dute eta eskainitako ikastaro guztiek aurrera egingo dute. Seitan, hala ere, lekua dago eta taldeak osatzeko izen-ematea bi astez luzatzea erabaki dute, urriaren 5era arte. Konkretuki, plazak betetzeko dituzten ikastaroak dira: dolua eta eraldaketa ikuspegi feministatik, emakumeak mugimenduan, menopausia bizigarria, gure baratzan burujabe, feminismoaren ertzetatik eta amatasunean bidelagun.

  Dolua eta eraldaketa ikuspegi feministatik ikastaroan dolua bizitzeko gako feministak emango dira eta ahizpatasuna osatzeko tresna gako gisa landuko da. Urriaren 13tik otsailaren 24ra, bi astean behin izango da. Menopausia bizigarria ere bi astean behineko ikastaroa izango da, baina laburragoa, urriaren 16tik abenduaren 4ra luzatuko baita. Osasunean funtsezkoak iren hiru alderdi landuko dira: elikadura, jarduera fisikoa eta plazerra; gorputza, emozioak eta zentzumenak izango dira saio hauetako protagonistak. Bi astean behineko tartea gordeko da baita ere amatasunean bidelagun eta emakumeak mugimenduan ikastaroetan; lehena ama berriei zuzenduta dago, nagusiki, amatasunak sortzen dituen arantzak eta kezkak partekatzeko gune moduan eta emakumeak mugimenduan, berriz, dantza eta mugimendu inprobisatuaren bidez gorputz kontzientzia landuko da. Lekua dagoen sei ikastaroetan luzeena da, ekainaren 11ra arte izango baita. Ekainera arte luzatuko da baita ere gure baratzean burujabe ikastaroa, baina datak finkatu gabe daude, parte hartzaileen arabera zehazteko; baratzea landu bitartean ekofeminismoaren gogoetak partekatuko dira ikastaro honetan. Azkenik, feminismoaren ertzetatik ikastaroa, hilean behin egingo da, maiatzaren 6ra arte. Beste garai eta testuinguru batzuetan gertatu diren istorioak ezagutuz eta feminismoak alde batera utzi dituen beste zapalkuntza sistema batzuk deskubrituz, gogoeta landuko da. Aipatu ikastaroei buruzko informazioa udaleko web atarian zintzilikatuta dago eta izen-ematea ere bertatik egin daiteke.

  Bestalde, amatasuna ikuspegi feministatik lantzeko solasaldi zikloa antolatu da datozen hiru hilabetetarako Jabetze eskolaren baitan. Gurasoen arteko erantzukidetasuna, indarkeria gineko-obstetrikoa eta amatasunak zeharkatzen dituen indarkeriak landuko dira, urriaren 7, azaroaren 4 eta abenduaren 2rako antolatu diren hiru solasaldi saioetan. Nahia Alkortak gidatuko dituen saioak irekiak izango dira, interesa duten ama guztiei zuzenduta. Solasaldi hauek bi orduko iraupena izango dute, 17:00etatik 19:00etara, eta San Juan kaleko 5ean udalak duen lokalean izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!