Pizkunde berri baterako deia zabalduz ospatu du AEKk Korrikaren 45. urteurrena, unibertsitate zaharrean
Ez gero, orain baizik lema izan zuen AEKk Sancti Spiritus unibertsitatean larunbatean ospatu zuen omenaldi eta aldarrikapen ekitaldiak. Unibertsitate horren ataritik orain 45 urte abiatu zen lehen Korrika gogoan, orduko antolatzaile eta partaideak omendu ziren, tartean, lehen metroetan lekukoa eraman zuten Jose Mari Satrustegi eta Eli Galdos, orduko alkatea.
Korrika jai giroa ez ezik aldarrikapena ere badela gogoratu zuten AEKko ordezkariek, eta 1980an bezala egun ere, erakundearen finantzaziorako ezinbestekoa dutela aipatu zuten. Alde horretatik,euskarari pizkunde berri bat emateko unea dela aldarrikatu zuten eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekarri behar dela aipatu zuen AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok: Helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeak esan nahi du botere publikoek gisa horretako aitortza egitea. Osterantzean, AEKk jarraitu beharko du Korrika antolatzen, hala dirua biltzeko nola euskararen normalizazioaren aldeko lana aurrera eramateko Euskal Herri osoan. Administrazio nagusietako arduradun politikoei ere dagokien ardura hartzea eskatu zien Xabi Gartziak, AEKko Nazio Kontseiluko kideak: Zeuenak dira euskararen normalizazio eta biziberritze-prozesuan eragiteko eskumena, gaitasuna, boterea eta lideroa; zeuek bideratzen dituzue politika pulikoak, eta orain da lehentasunezko politika publikoak abiatzeko garaia.
Helduen alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari dagokionean hiru eskaera konkretu egin ziren unibertsitateko ekitaldian: Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra sortzea, agentzia moduko bat, helduak euskalduntzeko eta asfabetatzeko ardura koordinatu eta osorik finantzatzeko; doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa eta euskara ezagutzeko beharra sustatzea. Pizkunde berri bat emateko momentua dela aldarrikatu zen eta, horren haritik, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenan biltzeko deia egin zuten AEK-ko ordezkariek.
Xabier Amurizaren kantuz hasi zen ekitaldia, aretoan bildutakoen laguntzaz lehen Korrikako abestia gogora ekarri zuen. Amaitu, berriz, gonbidatu guztiei eskaini zitzaien aurreskuaz amaitu zen, unibertsitateko klaustroan. Ekitaldian Euskal Herri osoko ordezkariek bat egin zuten, eta bertan izan ziren baita ere, Izaro Elorza alkatea eta Iñaki Olalde Euskara batzordeburua, eta 1980ko udalbatzako partaide zen Mikel Etxaburu nahiz orduko alkate Eli Galdosen eta zinegotzi Miguel Etxegoienen alabak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!