Oñatiko udala

Izan Intervencion familiar y comunitaria enpresak jarraituko du esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozial zerbitzua ematen

2026/06/08
Card image cap
Uztaila hasieran sinatuko da kontratu berria

  Izan Intervencion familiar y comunitaria enpresa ezaguna da Oñatin, urteak baitaramatza babesgabetasun egoeran dauden adingabe eta familiei eta bazterkeria arriskuan dauden helduei zuzendutako zerbitzua ematen. Aurreko kontratuaren iraunaldia beteta, esleipen prozedura berria egin du Udalak eta aurkeztu ziren bi proposamenen artean Izan taldearena lehenetsi du Kontratazio Mahaiak. Zerbitzu honen helburuak dira, besteak beste, babesgabetasun eta bazterkeria kasuen detekzio goiztiarra, ekintza terapeutikoak eta hezkuntza arlokoak garatzea adingabeekin eta gizarte bazterketa egoeran dauden helduekin eta arlo horietan udal-komunitate zerbitzuekin elkarlanean eta koordinazioan jardutea. Prebentzioko zerbitzua ere eskaini beharko da familia, guraso, adin txikiko eta abarrekin, arlo defizitarioak edo sintomak lantzeko, taldeko programak edo jarduerak eginez babesgabetasun eta bazterketa esparruan.

  Bi enpresa aurkeztu ziren udalak deitutako zerbitzu-esleipen prozedurara eta Izan enpresak aurkeztutako memoria teknikoa erabakigarria izan da proposamenen balorazioan; zerbitzuaren oinarriak eta enpresaren misioa, alderdi teknikoak eta metodologia, giza baliabideak, arreta protokoloak eta salbuespen diren kasuak bideratzeko enpresak eskaintzen dituen zerbitzu bereziak baloratu dira. Proposamena aintzat hartzeko 25 puntu eskuratu behar ziren gutxienez, eta Izan Intervencion familiar y comunitaria enpresak 40,5 puntu lortu ditu. Zerbitzua betetzeko eskaintza ekonomiko garestiagoa egin zuen, baina, balorazio orokorrean puntuaziorik altuena eskuratuta berau kontratatzea erabaki da. Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzuaren hasierako kontratua urtebeterako egingo da, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Horretarako onartu den aurrekontua udalak zehaztu zuen lizitazio prezioaren kasik parekoa da, 1.300 eurotan merkatu baitu Izan enpresak lehenengo urterako eskaintza ekonomikoa. Onartutako aurrekontua 420.000 euro (+BEZ) da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!