Oñatiko udala

IV. Selma Huxley ikerketa bekaren emaitza ostegunean aurkeztuko da

2026/09/07
Card image cap
“Oñatiko fabriketan emakumeen (ezinbesteko) lana” osatu du Edurne Iriondok

  Oñatiko fabriketan emakumeek egin duten lana aztertu du Edurne Iriondo Plazak Selma Huxley Barkham ikerketa bekaren 4.edizioan. Industria jardueraren inguruan eraiki den kontakizun tradizionalak askotan ez ditu emakumeak protagonista gisa aitortu, nahiz eta haien lana ezinbestekoa izan den lantegietan, tailerretan, bai eta ezkutuan egiten ziren lan askotan ere. Oñatiko fabriketan emakumeen ezinbesteko lana izeneko azterlanak XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arteko ibilbidea egiten du, emakumeen parte hartzea, lan-baldintzak eta erronkak aztertuz, eta bidean aurkitu diren hutsuneak agerian utziz.

  Hiru ataletan egituratu du lana Iriondok. Aurrenekoan datu historiografikoak bildu ditu: industria negozioetan titulartasuna izan duten emakumeak, ekoizpen arloan jardundako emakumeen kopurua eta beste jasoz. Bigarrenean testigantzak bildu ditu. Horretarako 53 emakume elkarrizketatu ditu; gehienak herriko fabriketan aritu dira lanean baina badira etxean edota garajeetan lan egin dutenak ere. Azkenik, hirugarren atalean, gizonekiko parekotasun faltan oinarritutako hutsuneak aztertu ditu begirada feministatik.

  Emakumeek parte hartze zabala izan dute herriko industrian. Esanguratsua da orain 102 urte, jada, 1924an, industria sektoreko lantegietako enplegatuen % 30a emakumeak zirela. Hala ere, gehiengoa lanbide jakin batzuetan aritzen ziren eta emakumeen lanbide aukerak mugatuak zirela ondorioztatu du Iriondok. Egindako lanaren berri emateko aurkezpen ekitaldia eta erakusketa antolatu dira. Lanaren emaitzaren aurkezpena irailaren 10ean, ostegunean, egingo da Kultur Etxeko zine aretoan, 18:00etan. Ondoren, eta lanean jasotako datu esanguratsu eta ondorioekin osatutako erakusketa irekiko da Emakumion Etxian. Edurne Iriondok berak gidatuko du erakusketaren lehen bisita hori. Ez da bakarra izango ordea, eta irailaren 15ean eta 16an, 11:00etan, nahiz 17an eta 23an, 18:00etan beste lau bisita gidatu egingo ditu, euskaraz eta gazteleraz, bina.

  Emakumion Etxian irailaren 11tik 25era ikusi ahal izango den erakusketan azterlana laburbiltzen duen eta Edurne Iriondok berak egin duen ikus-entzunezkoa izango da, emakumeen jardunaren erakusgarri diren hainbat produktu eta katalogo eta bestelako objektuak erakutsiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!