Itxialdia egin dute Txantxiku Ikastolan bart, Jaurlaritzari lan akordioa betetzea eskatzeko
2023ko ekainean sinatu zuten LABek, UGTk eta Interinoak taldeak lan akordioa Hezkuntza Sailarekin. Bi konpromiso nagusi hartu zituen gobernuak, LABeko ordezkariek jakinarazi dutenez: ikastoletako langileen soldatak sare publikokoekin parekatzea eta lan baldintzak sare publikoko langileenekin homologatzearen inguruko azterketa bat egitea. Hezkuntza sailak ez du agindutakoa bete, sindikatuko bozeramaleen esanetan; Hezkuntzatik helarazten diren dirulaguntzak irakasleen soldata parekatzera doaz soilik, hezitzaileak, sukaldariak eta bestelangileak kontutan hartu gabe, eta lan baldintzen inguruko azterketa ez da egin. Egoera salatzeko itxialdiak egin dira 27 ikastoletan, tartean, Txantxiku ikastolan.
Ikasleak ikastolatik atera bezain pronto talde argazkia atera eta prestatutako hainbat ekintza burutu zituzten itxialdian parte hartu zuten langileek: euskal dantzen ikastarotxoa eta kantu-afaria egin zuten. Lo ere bertan egin dute hainbatek. Itxialdia eta bereziki honek hedabideetan izan duen oihartzuna oso positiboki baloratu du LABek eta datozen egunetan mobilizazio berriak egitea ez da baztertzen. Datorren astean bertan bilera berria egingo dute sindikatu ordezkariek gaia zehazteko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!