Oñatiko udala

"Irisgarritasunaren ibilbideak" egitasmoan parte hartzeko deialdia zabaldu du Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak

2026/07/01
Card image cap
4. irteera osatuko da astelehenean, San Martin inguruaren irisgarritasun gabeziak identifikatzeko

  Oñatin irisgarritasun arloan egon daitezkeen gabeziak, edo hobetu daitezkeenak, jaso eta hobetzeko proposamenak udalari helaraztea da Irisgarritasunaren ibilbide hauen helburua; denon artean, herritar ororentzat eroso eta atseginagoa izango den herria egokitzea da asmoa. Proiektura batu eta asteleheneko ibilbidean parte hartzeko deialdia zabaldu du Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak.

  Irisgarritasunaren ibilbideak egitasmoa herrira eta ahalik eta herritar gehienera zabaltzeak badu arrazoi praktikoa, arinago eta modu osatuagoan egin baitaiteke, bakoitzak izan ditzakeen behar eta zailtasunak ezberdinak eta anitzak direlako. Foruen enparantzan, goizeko 10:00etan egin da astelehenerako hitzordua. Bertan izango dira Pertsona Nagusien Mahaiko kideak herritarrei harrera egiten eta irisgarritasunaren ibilbidea egitasmoa zertan den eta beteko dituzten ibilbideak azaltzen. Ondoren, ibilbideak betetzera abiatuko dira, han eta hemen ikusten dituzten irisgarritasun gabeziak identifikatu eta jasotzeko. Irteerak bi ordu irautea aurreikusten da eta 12:00etarako amaituko da. San Martin egoitza eta auzoan barrena ibiltzea da asmoa, baina agertzen den jende kopuruaren arabera beste zonalderen batera ere hurbildu daitezke.

  2024ko udazkenean ekin zion irisgarritasun ibilbideak egitasmoari Pertsona Nagusien Mahaiak eta hiru saio egin dira orain arte. Lehenean, erdigunea eta kanposantu inguruan ibili ziren, San Lorentzo, Olakua eta Kale Zaharraren zati batean, bigarrenean eta pasa den irailean, Bidebarrieta, Atzeko kale eta Portu kale inguruetan ibili ziren. Laugarren saioa egingo da astelehenean, San Martin inguruetan eta horren haritik dator Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak zabaldu duen dei eta gonbidapena; hitzordua, plazan egin da, astelehenean, 10:00etan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!