Gaztelekuko sotoko egitura gogortzeko lanak egingo dira
Gaztelekuko sotoko egituran azaldu ziren pitzadurek sortu zuten egituraren sendotasunaren inguruko lehen zalantza. Azterketa egin zen eta hormigoizko habe batzuetako armadura herdoildua dagoela eta ez dutela lana egoki egiten ikusi zen. Javier Eskubi-Giltzarri arkitektura enpresari proiektua eskatu zitzaion eta horren gaineko lanak dira esleipenera atera direnak.
Sotoko sabaiaren hormigoi armatuzko egitura konponduko da eta sendotze lanak egingo dira, sostengu-ahalmen handiko murrizketak dituzten elementu jakin batzuetan. Hala, habeak konpontzeko dagoen morteroa kendu eta berriz jarri beharko da, esposizio-motetarako eta suarekiko erresistentziarako beharrezko estaldurak lortzeko; herdoilduta dauden habeak eta lauzak, edo obran detektatzen diren beste elementu batzuk, konponduko dira, hormigoia saneatuz, armaduretatik herdoila kenduz eta geometriak konponketa-mortero bidez berreskuratuz; eta habeak indartzeko, armadura berria jarriko da beheko aldean kaltetutako habeetan. Proiektuaren aurrekontua kasik 68.362 euro da eta lizitaziorako finkatu den gehienezko aurrekontua ere kopuru hori da. Eskaintza ekonomikoa izango da esleipenerako irizpide nagusia, puntuazio orokorraren %90a emango baitu, berme epea luzatzea eta egikaritze epea mozteak beste % 10 emango dute. Lanak egiteko hiru hilabeteko epea zehaztu du Udalak lizitaziorako oinarrietan. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, ekainaren 29ra arte.
Lanak lehenbailehen egin nahi ditu Udalak Gaztelekuko sotoa itxita baitago Aste Santu ingurutik. Egituraren egonkortasuna bermatzeko sotoko hormigoizko egitura eskoratuta dago. Lanok urgentziaz egin ziren, Gaztelekuko funtzionamendu normalean ez eragiteko eta eraikinaren egonkortasuna arriskuan ez jartzeko. Gaztelekuko sotoko egitura indartzeko lanok probestuko dira sotoko espazioak berrantolatzeko. 0 eta 7 urte arteko haurrei eta guraso edo zaintzaileei zuzenduta dago sotoa eta adinaren arabera berezitutako gune ezberdinak eskaintzen ditu. Aurrerantzean ere hala izango da baina litekeena da guneak beste modu batean antolatu eta hornitzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!