Hiru ardatz eta lidergo kolektiboan oinarritutako gobernantza ereduaren aldeko apustua egin du Mankomunitateak
Herriz herri. Aurrez aurre lelopean Debagoieneko Mankomunitatearen aro berria iragarri dute eskualdeko ordezkariek, gobernantza eredua eraldatzeko apustua berretsiz, lankidetza publiko-komunitarioa eta gertutasuna ardatz hartuta. Mankomunitateak hiru ardatz estrategiko nagusitan sakonduko du hemendik aurrera: arlo sozialean, ekonomikoan eta ekologikoan. Dorleta Elkorobarrutia Mankomunitateko lehendakariak nabarmendu duenez, hiru dimentsio hauek estu lotuta daude: Ez dago ekonomia sendorik pertsonen ongizaterik gabe. Ez ongizaterik ingurune osasuntsurik gabe. Eta ez dago trantsizio ekologikorik komunitate sendo bat gabe. Eredu berriak lidergo kolektiboa eta lankidetza sustatzea du helburu, erronka garaikideei, hala nola aldaketa klimatikoari, digitalizazioari edo desberdintasun sozialei, modu partekatuan erantzuteko.
Gobernantza eraldaketa horren erakusle da Mankomunitatearen marka berria. Elkarri lotuta dauden D-G hizkiez osatutako logoak eskualdearen nortasuna biltzen duten elementu grafikoak ditu: komunitatea irudikatzen duen biribila, naturari erreferentzia egiten dion hostoa, eta, eskualdea gurutzatu eta herriak lotzen dituen ibaia gogorarazten duten kurbak. Lehendakariaren hitzetan, irudiak norabide bat, lan egiteko modu bat eta etorkizunarekiko konpromisoa islatzen ditu.
Debagoieneko Mankomunitatearen gobernantza eredu eta irudi korporatibo berrituaren aurkezpena Aretxabaletan egin zen atzo eskualdeko eragile askoren parte hartzearekin. Debagoieneko zortzi udaletako ordezkariak, enpresa munduko arduradunak, gizarte eragileak eta herritarrak elkartu dira, herriz herri eta aurrez aurre lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsiz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!