Irisgarritasun lan berriak eta garapenaren aldeko dirulaguntzak hizpide dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

Mendiko kalea irisgarritasun neurrietara egokitzeko asmoa aspaldikoa da, baina eraberritzeko zeuden eraikinak amaitu arte itxaron da lanei ekiteko. LKS Ingenieria kooperatibari eskatu zion Udalak Mendiko kalearen irisgarritasuna bermatzeko berrurbanizatze proiektua eta hori eskutan abiatuko da orain lanen lizitazio prozesua. Hori da behintzat gobernu taldeari proposatuko zaiona, arratsaldeko bileran.
San Lorentzon urteak daramatza Udalak auzoa irisgarriagoa bihurtzeko lanak egiten eta aurten area berri bat egokitzea aurreikusten da, 11.a edo San Lorentzoko ermitatik gora dagoen gunea. Lan hauen lizitazioa hastea ere gaurko batzarrean eztabaidatuko da.
Bestalde, garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzen harira, C eta D lerroko dirulaguntzetarako eskaera batzuk aztertuko dira arratsaldean. Sentsibilizazio ekintzak burutzeko dirulaguntzak biltzen dira C lerroan eta EREI elkartasunerako elkarteak burutu dituen bi proiektutarako eskaerak aurkeztu ditu. Larrialdi eta ekintza humanitariotarako D lerrorako, berriz, Hotz Oñati taldearen eskaera jaso da, Aita Mari ontziaren erreskate lanetan laguntzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!