Irailaren 12an egingo dira Eltzia taberna-kafetegira bisitak

Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko prozesu berria martxan du Udalak, azken kudeatzaileak kontratu-epea luzatzeko aukera baztertu ondoren. Prozedura zuzenduko duen plegu tekniko eta administratiboa udaleko web atarian zintzilikatuta dago, interesa dutenek aztertu ditzaten. Interesatuek irailaren 22ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Aurreko deialdietan egin bezala, Eltziako tabernako instalazioak ezagutu nahi dituztenentzat bisitak programatu dira hilaren 12rako, 10:00etan eta 15:00etan. Bertaratzeko interesa dutenek aurrez jakinarazi beharko dute udaletxera telefonoz deituta (943 780 411) edo mezu elektronikoa bidalita, partaidetza@onati.eus helbidera.
Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko udalak finkatu duen emakida kanona 200 euro gehi BEZa da, hileko. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzeko irizpide nagusia. Beste arlo batzuk ere baloratuko dira: esleipendunaren eta lan taldearen lan esperientzia, gutxieneko lan taldearen lan gaitasuna, ordutegia eta egutegia hobetzeko proposamenak, lan taldearen organigrama eta, bereziki, zerbitzuen antolaketari buruzko lan plana.
Eltziako taberna-kafetegi zerbitzuaren gutxieneko egutegi eta ordutegia finkatu du udalak; asteartetik igandera ireki beharko da: asteartetik ostiralera lau orduz, larunbatetan 8 orduz eta igandetan 6 orduz. Hori, gutxienez bete beharreko zerbitzua da. Kontratazio baldintzetan, hizkuntza betebeharrak ere zehaztu dira. Hala, zerbitzariek, bezeroarekin zuzenean ari direnek, euskaraz jakin beharko dute eta B2 gaitasun maila izan beharko dute ahozko trebetasunean. Idatzizko oharrak elebitan jarri beharko dira, euskarari lehentasuna emanez.
Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Eltziako taberna itxita dago uztailaren 10az geroztik. Lehiaketak iraun bitartean beharrezko esku-hartze eta konponketa txikiak egingo ditu udalak, taberna irekiko dutenei instalakuntzak baldintza onetan eskaintzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!