Oñatiko udala

Irailaren 10ean hasiko da ikasturte berria herriko ikastetxeetan

2019/09/04
Card image cap
Ikastolan, Konfiantzaren pedagogia LH3. mailara hedatuko da eta Larraña ikastetxean galdara aldatu eta solairu bateko komunak berritzeko lanak egingo dira

  Ikasturte hasiera bateratua izango dute aurten herriko ikasleek. Astelehena Arantzazuko ama eguna izaki, eta herri mailako jaieguna, asteartean, irailaren 10ean hasiko da 2019-2020 ikasturtea Oñatin. Gaztetxoenek eskola hasiko dute zuzenean eta Bigarren Hezkuntzakoek aurkezpena izango dute eta asteazkenean hasiko dituzte eskolak.

  Urgain-Errekalden gurasoei zuzendutako aurkezpen asanblada egingo da bihar bertan, irakasleak aurkeztu eta kurtso berriak ekarriko dituen nobedadeak azaltzeko. Batzarra 18:00tan hasiko da. Elkar Hezi ikastetxean ere, kurtsoko proiektu nagusien aurkezpena egingo da hilaren 12an antolatu den bilera orokorrean. Eskolako areto nagusian izango da, 18:00tan hasita. Txantxiku ikastolan berriz, Haur Hezkuntzan hasitako Konfiantzaren pedagogia Lehen Hezkuntzara hedatzen ari dira. Ikasturte honetan LH3. mailara zabalduko da. Eta Zuazola institutuan ere Chromebook-aren erabilera DBHko lehen hiru mailatara hedatuko da.

  Zuazola institutuko ikasleek, asteartean 12:00  izango dute aurkezpena; Larraña institutuan ere, 11:00tan lehen mailako ikasleek eta 12:00tan bigarren mailakoek. Txantxiku ikastolako DBH eta Batxilergoko ikasleek 11:00tan izango dute aurkezpena, eta goiztiarrenak, Elkar Hezikoak izango dira, DBH1, 2, eta 3. mailakoek 10:00etan eta DBH4 eta batxilergokoek 10:30tan izango baitute aurkezpena. Guztiak, eskolan, hurrengo egunean, irailaren 11n hasiko dira, esan bezala.

  Eskolak hasterako galdara aldatzeko lanak aurreratuta izango dituzte Larraña institutuan, baina ikasturte honetan, oso zaharkituta dauden sarrerako solairuko komunak ere berrituko dira Lanbide Heziketa institutuan.

  Oñatiko eskola agenda berria izango dute bestalde, 6-18 urte arteko ikasleek. Iazko eredua jarraituz, Lehen Hezkuntzako 5. mailan zeuden ikasleek osatu zituzten agenda berrian argitaratu diren bertso eta marrazkiak. Ahozkotasuna eta bertsolaritza eskola ordutan egin zuten lana eta mugikortasuna eta osasuna gaia landu zuten Mirari Sagarzazuren  gidaritzapean. Liburuxka ikasleek erabili ohi dute, nagusiki, baina irakasle eta gurasoek ere badute bere atala, oharrak elkarri jakinarazteko. Eskola agendaren 1.400 ale argitaratu dira. Aurrekontua berriz, 7.000 euro pasatxo izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!