Oñatiko udala

Interes handia sortu du Oñatin egingo den arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroak

2025/07/11
Card image cap
40ren bat lagun hurbildu ziren Olaburu zentroan herenegun egin zen informazio saiora

  Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa Zubillagako Olaburu zentroan bertan egingo da, irailean hasi eta datorren urteko urrira bitartean. Plazak mugatuak dira, 15 lagunek egin ahal izango dute, eta asteazkeneko informazio saioaren ostean lehen elkarrizketak egiten hasi ziren, balizko ikasleen lan egoera eta motibazioa zehazteko. Elkarrizketekin jarraituko dute datorren astean.

  Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta emateko ikastaro teoriko-praktikoa Bastida akademiak emango du, Olaburu zentroan. 510 orduko iraupena izango du eta amaitzen dutenek zaintza lanetan aritzeko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri ofiziala jasoko dute. Zaintza sektorean lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Informazio bilerara hurbildu ziren lagunen erdiak edo, oñatiarrak dira.

  Langabezian daudenek eta atzerritartasun-egoera erregulatuta dutenek lehentasuna izango dute. Izena emateko epea zabalik dago, iraila hasierara arte. Interesa dutenek udaleko enplegu teknikariarekin harremanetan jarri behar dute (943 003 198)

  Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa Elkar-EKIN Lanean egitasmoaren baitan dago. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea sustatzeko dinamika da eta honen baitan 9 formazio ikastaro eskainiko dira eskualdean, 2025-2026 ekitaldian. Oñatikoaren pareko zaintza arloko beste ikastaro bat egingo da Aretxabaletan eta zerbitzu eta industrial arloko beste zazpi antolatu dira: MIG-MAG soldadura, Aretxabaletan; instalazio elektrikoak, Bergaran; biltegi lanak, sukaldaritza, eraikuntzako mantenu lanak, mendi lanak eta garbiketa arloko ikastaroak, Arrasaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!